Hirigintza-operazioa

EAEko Auzitegi Nagusiak 820.000 euro ordaintzera zigortu du Iruña Okako Udala

Erredakzioa 2020ko urt. 9a, 16:38

Iruña Okako udalbatzak epaiaren inguruan eztabaidatu beharko du. ALEA

Alkatearen dimisioa eskatu du EH Bilduk.

EH Bilduk Javier Martinez Iruña Okako alkatearen dimisioa eskatu du gaur, EAEko Auzitegi Nagusiak Udala 820.000 euro ordaintzera behartzen duela jakin eta gero. Davide di Paola EH Bilduko Iruña Okako zinegotziak gogorarazi duenez, "2016tik ohartarazi dugu hirigintza-operazio horrek herria porrotera eramango zuela, eta Udala hipotekatuko zuela". Izan ere, zinegotziaren arabera, ordaindu beharreko zenbatekoa Udalaren aurrekontu osoaren herena da.

2011. urtean, PSEk gobernatzen duen Iruña Okako Udalak ikastetxe berri bat eraikitzeko lur-eremu baten trukatze bat onartu zuen, eta 12.820 metro koadroko azalera urbanizagarri gisa birkalifikatzeko konpromisoa hartu zuen; birkalifikatuko ez zen metro bakoitzeko 62 euroko kalte-ordaina pagatzea onartu zuen Udalak. Operazioa ez da gauzatu, eta lur-zoruaren jabeek epaitegietara jo dute, metro koadro bakoitzeko 62 euro kalte-ordaina erreklamatzeko. 

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die. Izan ere, epaileen arabera, Udalak "ez du neurri eraginkorrik hartu hitzartutakoa betetzeko". EH Bilduk salatu duenez, alkateak udazkenetik zuen epaiaren berri, baina oposizioari "ezkutatu" dio, eta are gehiago "ez da aurrekontuetan inolako partida ekonomikorik sartu epaian jasotzen den ordainketari aurre egiteko". 

EH Bilduk salatu duen bezala, trukatzea ez zen ALHAOn argitaratu, eta ez zegoen jasota bidezko prezioa justifikatzen eta bermatzen duten azterlan tekniko eta ekonomikorik. "Operazio honek ez zuen inoiz balorazio ekonomikorik izan, eta Iruña Okako herritarren interesen aurka zihoan", gogoratu du Di Paolak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago