Onddoaren bilketa kanpaina bide onetik doa. Abenduan hasi eta martxora arte luzatuko da Tuber melanosporum ospetsua biltzeko denboraldia, eta seiehun kilo inguru jasotzea aurreikusi du Arabako boilur beltzaren kooperatibak. Produktua nabarmentzeko asmoz, Boilur Beltzaren V. Nazioarteko Azoka egingo dute, igande honetan, Ribabellosan.
Kooperatibako arduradunek azaldu dutenez, zortzi eta hamar urte lehenago ereindako onddoak biltzen hasi ziren lehen kanpaina 2017-2018koa izan zen, eta horretan bildutako boilur kantitatea bikoiztea espero dute aurten. Onddoarekin landatutako 180 hektarea kudeatzen ditu kooperatibak, batik bat Mendialdean, AÒanan eta Aiaraldean, eta 45 ekoizle biltzen dira.
Kooperatibak azpimarratu du boilur beltza "testura orekatuak eta egitura lodiak dituzten kareharrizko lurzoruetan" garatzen dela, eta azpimarratu du Arabak badituela boilur beltza ekoizteko ezaugarri aproposak, lurzoruari eta klimari dagokienez.
Bilketa kanpainarekin batera, eta "boilur beltzarekiko grina mundura zabaltzeko", igande honetan, otsailaren 2an, Boilur Beltzaren V. Nazioarteko Azoka antolatu dute Ribabellosan. Iaz, 8.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten ospakizunean.
Polonia, gonbidatua
Miren Santamaria Erriberabeitiko alkateak jakinarazi duenez, aurten, herrialde gonbidatua Polonia da, eta azokan Aleksandra Rosa Gruszecka adituak parte hartuko du, basogintzan ikertzaile eta doktorea da eta bere herrialdeko Baso Ikerketarako Institutuko Baso Ekologia sailean egiten du lan.
"Gruszeckaren hitzaldiaz gain, dastatze saioak izango ditugu, 40 postu baino gehiago boilur beltzarekin eta eratorritako produktuekin, zuzeneko sukaldaritza tailerra, txakurrekin boilurra bilatzeko erakustaldia eta haurrentzako jarduerak", nabarmendu du Santamariak.
Azoka 10:30ean inauguratuko dute, Ribabellosako gizarte etxeko areto nagusian; eta ordutik azokan parte hartuko duten berrogeitik gora erakuslek bisitariei ongietorria egingo diete. Bakoitzak bere herrialdean boilur beltzaren inguruan egiten duen lana azalduko du; halaber, postuen artean aurkitu ahalko da boilurra landatzeko lehengaia duten mintegiak, elikadurarekin eta gastronomiarekin lotutako enpresak eta industriak, eta hainbat nekazaritza jarduera.
Txakurrekin boilurrak bilatzeko erakustaldia 12:00etan izango da, eta 13:30ean boilur beltzarekin platerak nola egiten diren erakutsiko duen show cookinga egingo dute.