Duela 11 urte, 2008ko azaroaren 19an, nagusiki EHU/UPVeko irakaslez osatua zegoen eta Arabako Aldundiko Kultura diputatuak zuzentzen zuen Batzorde "Aholkulari-Laguntzaileak” faltsutzat jo zituen Iruña-Veleian agertutako 400 grafito “bereziak”. Egun beltz horretan, eskatutako hamar txostenetatik bakarra zegoen entregatua.
"Geroago jakin izan genuen ez zela izan Batzordeak aldarrikatzen zuen unanimitate zientifikorik"
Geroago jakin izan genuen ez zela izan Batzordeak aldarrikatzen zuen “unanimitate zientifikorik” eta txosten guztiak ez zirela faltsutasunaren aldekoak.
Esate baterako, txosten kimikoak, horrelako gai batean zeresan handiena duenak, ez du esaten ez faltsuak eta ez benetakoak direnik. Garbi dago erabakia ez zela inolaz ere gauzak zehatz aztertu ondoren hartu.
Handik gutxira, Aldundiak kereila jarri zuen Eliseo Gil zuzendariaren eta Oscar Escribano langilearen aurka "ondarearen aurkako kalteengatik".
2009an eta 2010ean Lurmenek 20 txosten aurkeztu zituen epaitegian aurkikuntzak benetakoak izan zitezkeela eta arkeologoen lan-jarduna zuzena izan zela aldarrikatzen dutenak. Txostengileak adituak dira grafitoetan agertzen diren gaietan: arkeologia, euskara, latina, geokimika eta abar.
Aipagarriak, besteak beste, Edward Harris arkeologo britaniarra, Ulrike Fritz egiptologo alemana edo Antonio Rodriguez Colmenero epigrafista galiziarra. Esan beharra dago txostengileak hainbat naziotakoak direla, Lurmenek aurkeztutako txostenek 2.100 orrialde dituztela eta egileetariko inork ez duela euro bat kobratu egindako lanagatik.
Batzordearenak, berriz, ez dira 400 orrialdera heltzen denen artean eta 1.800 euro ordaindu zen bakoitzagatik. Batzordearen txostenak zein Lurmenek aurkeztutakoak eskuragai daude SOS Iruña-Veleiaren webgunean.
"Zientziaren bideari heltzea, hain zuzen, eztabaidari irtenbide zuzena eman ahal izateko"
Iritzi kontrajarriak zeudela ikusita, Lurmenek, auzia argitzea eskatzen duten taldeekin batera, piezak Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea eskatu zuen, eta horretaz gain, indusketa kontrolatuak egitea arkeologoek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan. Zientziaren bideari heltzea, hain zuzen, eztabaidari irtenbide zuzena eman ahal izateko.
2018an, kultura eta politikako 140 pertsona izentsuk agiria sinatu zuten gauza bera eskatuz. Horien artean dira Benito Lertxundi, Garbiñe Biurrun, Patxi Zabaleta edo Fermin Muguruza bezalako izenak. Zentzuzko eskaera eta proposamena da, zalantzarik gabe, epe laburrean auzia betiko erabaki dezakeena. Hala eta guztiz ere, Gasteizko Auzitegiak zein Arabako Foru Aldundiak ez dute aintzat hartu ere egin.
Auziaren instrukzio-fasea sinestezina eta amaiera bakoa izan da. Ikertzeko hiru pertsona besterik egon ez arren, Ertzaintzak sei urte baino gehiago behar izan ditu bere polizia-txostena burutzeko. Epaitegiak zortzi urte baino gehiago instrukzioa amaitzeko. Eta beste hiru igaro beharko dira epaiketara heltzeko, 2020ko otsailean hasiko baita.
Inola ere zuritu ezin den atzerapena, hamaika urteko “aulki-zigorra” jasan behar izan dute-eta akusatuek, benetako tortura. Gure ustez, gaia usteltzen uzteko borondate garbia egon da, erraz antzeman daitezkeen arrazoiengatik.
Eliseo Gil eta Oscar Escribano kartzela-urte luzeak bereganatzeko arriskuan daude (zazpi urte eta erdi Gilek, hiru eta erdi Escribanok), eta ia 300.000 euroko isuna ere bai “ondarearen aurkako kalteengatik”. Eta hori oraindik zientifikoki frogatu gabe dagoelarik grafito bakar bat ere faltsua dela eta are gutxiago auzipetuak direla egileak.
Eta ez dezagun ahaztu Arabako Aldundia dela kereila jartzailea eta honek Estatuko Fiskaltzak baino zigor handiagoak eskatu dituela, eta Eusko Jaurlaritzak egin duela balizko “ondarearen aurkako kalteen” balorazioa, guztiz surrealista, hau da, 600 euro pusketa bakoitza, faltsifikazioak balira beren benetako balioa, hutsaren hurrengoa litzatekeenean.
"Karguak behin-behinean kentzea eta arkeometria analisiak eta indusketa kontrolatuak bultzatzea eskatzen dugu"
Esandakoarengatik, akusatuen aurkako karguak behin-behinean kentzea eta arkeometria analisiak eta indusketa kontrolatuak bultzatzea eskatzen diegu aipaturiko erakundeei. Oraindik garaiz gaude. Aldi berean, ahotsa altxatzeko eskatzen diogu iritzi publikoari, gertatzen ari den bidegabekeria ikaragarriaren aurrean.
Kultura eta hizkuntza alorreko altxor handia izan daitekeena, euskaren historiarekin eta beste jakintza-arlo batzuekin zerikusi zuzena leukakeena, zakartegian amaitzeko arriskuan dago, eta dagoeneko asko sufritu duten pertsona ustez errugabeek kartzelan bukatu dezakete.
Ahalegin guztiak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke-eta eztabaida.
Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere. Eskubide hori daukagu.