Hirigintza-operazioa

Iruña Okako alkateak dimisioa eman du

Erredakzioa 2020ko urt. 17a, 12:03

Iruña Okako udalbatzak epaiaren inguruan eztabaidatu beharko du. ALEA

EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin-Podemos udal taldeek eskatu dute dimisioa, EAEko Auzitegi Nagusiak Iruña Okako Udala 820.000 euro ordaintzera zigortu ostean.

Azkenean, amore eman behar izan du. Dimisioa aurkeztu du gaur Javier Martinez Iruña Okako PSEko alkateak, aste honetako udalbatzan talde politiko guztiek, PPk ezik, kargua uzteko eskatu eta gero. Orain, alkate berria aukeratzeko osoko bilkura deituko dute, eta Miguel Angel Montes alkateordea izango da, printzipioz, aukeratua, EAJk jada argitu baitu talde politiko bozkatuenari babesa emango diola.

Martinezek adierazpen bat irakurri du erabakia azaltzeko, eta agerraldian ez du galderarik onartu. "Nire irudia hondatzea helburu bakarra izan dutenak" kritikatu ditu, eta "politikaz kanpoko kontuak" baliatu izana salatu du. "Eman dizkidaten labankadek kalte handia egin didate", esan du alkateak; eta bere inguruan dimisioaren zain zegoen jendea dagoela iradoki du.

Iragan astetik ahotan zebilen kontua da alkatearen dimisioa herrian, hain zuzen EH Bilduk azaldu zuenetik EAEko Auzitegi Nagusiak Udala 820.000 euro ordaintzera behartuko duela, hirigintza-operazio bat medio. Gainera, epaia ezkutatu nahi izatea leporatu diote Martinezi. Davide di Paola EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du 2016tik ohartarazi zuela talde abertzaleak operazio horrek herria "porrotera" eramango zuela eta "Udala hipotekatuko zuela". Lehenak izan dira Martinezen dimisioa eskatzen.

Eskaera gehiago

Elkarrekin-Podemosek ere Martinezen dimisioa eskatu du, eta legegintzaldiaren hasieratik PSEko alkateri emandako babesa kentzea erabaki du. "Kudeaketa akats larriek oso egoera ekonomiko zailera eraman dute udalerria. Hori dela eta, legegintzaldiaren hasieratik zuen konfiantza kentzea erabaki dugu, eta Javier Martinezen dimisioa eskatu dugu".

Aste honetako udalbatzan, EAJko udal talde politikoak ere dimisio eskaera egin du, eta alkatearen jarrera kritikatu du. "Denok dakiguna da Udalak milioi bat euro galduko dituela, eta alkateak dio 'inozokeriaz' aritu dela. EAJk argi du politikan akatsak ordaindu egiten direla, eta kasu honetan atzera-bueltarik ez duen akatsa da; beraz, egin mesede bat udalerriari, utzi zure lekua lankide bati eta joan zaitez".

Auto-istripua eta salaketa

Ataka honetan zaila zuen Martinezek aurrera egitea, eta udalbatzan bertan dimisioa ematea espero zuten batzuk; alta, Arabako PSEko agintariekin bildu eta gero hartu du erabakia. Udalaren aurrekontuarentzat katastrofikoa den hirigintza-operazioaz gainera, badu beste fronte bat zabalik orain arte alkatea izan dena. Izan ere, Martinezek Langraiz Okan izandako istripu bat ikertzen ari da Fiskaltza. Urtarrilaren 2ko gauean gertatu zen istripua, eta susmoa dago alkatea mozkortuta joan zitekeela; izan ere, istripua eragin eta gero alde egin zuen eta bi ordu geroago egindako kontrol batean positibo eman zuen. Fiskaltzaren ikerketa Ertzaintzarenarekin batera sortu da, alkatea mozkortuta ote zegoen argitzeko.

PSEko alkate bakarra

PSEko Arabako alkate bakarra da Martinez, eta 2004. urtetik gobernatu du Iruña Okako Udala. 2003. urtera arte, udalerria gobernatu zuen EAJko Manuel Rivas ordezkatu zuen Martinezek, Auzitegi Gorenak jelkidea kargu publikoan aritzeko gaitasunik gabe utzi eta, prebarikazio delitu bat egotzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago