Hiru lan heriotz jazo dira Araban urte hasieran

Erredakzioa 2020ko urt. 8a, 20:34
Urteko lehen lan heriotza salatu zuten SEAren egoitzan. / Argazkia: Hala Bedi

Mercedeseko fabrikan lanean ari zen gazte bat in itinere lan istripu baten ondorioz hil da. Gaur bertan ere, beste langile bat zendu da Lantaronen, lan istripuz. Hiru dira jada 2020. urte hasierak Araban utzitako lan heriotzak.

Langile bat hil zen urtarrilaren 2an, aldamiotik behera erorita Gasteizko Olarizu auzoan, Arnaiz Asc 21 eraikuntza-enpresan lanean ari zela. Hiru metroko altueratik amildu zen 54 urteko behargina, eta, anbulantzia iritsi zenerako, osasun-zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin suspertzeko.

Gaur, ordea, bi izan dira amaiera tragikoa izan duten lan istripuak. Alde batetik, 5:00etan, 25 urteko gazte zornotzar bat N240 errepidean, Igorren, izandako auto istripuan hil da, lantokitik etxera bidean zegoela. Gestamp enpresako langilea zen eta bere lan-jarduera lekualdatuta zuen Mercedeseko Gasteizko fabrikan. Lan-zuzenbidean, in itinere istripua bere etxetik lantokirako joan-etorrian eta alderantziz gertatzen den istripua da.

Lantaronen beste lan istripu bat gertatu da arratsaldean, eta berokuntza-sistemetarako hodiak ekoizten dituen enpresa bateko langile bat hil da. Lanean ari zela gertatu da ezbeharra: kolpe bat jaso du eta ospitalera eraman dutenean zendu da. Osalanek ikerketa abiatu du lan heriotza honen arrazoiak argitzeko.

Hiru dira, beraz, urte hasierako lehenengo zortzi egunetan lan istripuen ondorioz Araban eman diren heriotzak. Sindikatuen arabera, dagoeneko sei langile hil dira Euskal Herrian, lan istripuz. 2019. urtean 44 langile hil ziren beraien lanpostuan Euskal Herrian; horietatik bost Araban.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide