Hegaztiek liluratuta, hogei bat metrora

Estitxu Ugarte/PHOT.OK, J.Markinez, M. Arrazola 2019ko urr. 5a, 06:00

Turismo ornitologikoaren kalitatea eta hegaztiekiko errespetua bermatzen duen SEO/Birdlife erakundearen 'Iberaves' zigilua lortu berri du Joseba Markinezek Pobesko Elai-Etxea proiektuarekin; erkidegoan arrano beltza ikusteko aukera ematen duen ezkutaleku bakarra du.

Caicedo-Sopeñako mendietan dago Euskal Autonomia Erkidego osoan arrano beltzak (Aquila chrysaetos) ikusteko eta irudietan jasotzeko aukera ematen duen ezkutaleku bakarra. Hegaztien erreginaren hegaldiak gozatu daitezke bertatik, eta txunditu, hogei bat metrora dagoen enbor batean bere lurraldea zaintzera pausatzen denean. Egun hauetan, gainera, arrano beltz bikotea eta udaberrian jaio ziren bi txita dabiltza Pobes inguruko zeruak zelatatzen. Gabonak arte egongo dira kumeak; orduan gurasoek habiatik botako dituzte, eta lurralde berrietara mugitu beharko dira. "Bide luzea egin dezakete, baita Tarifaraino ere".

Joseba Markinezen ibilgailua igartzen dutenean ez dira larritzen arranoak. Hiru urte luze daramatzate 4x4 ibilgailuaren hotsa entzuten, hain zuzen gasteiztarrak Elai-Etxea proiektua abiatu zuenetik. Pobes herrian, gurasoen etxe zaharra konpondu zuen orduan Markinezek, eta bi apartamenturekin ostatua egokitu zuen bertan; halaber, bisitarien artean, ornitologiaren pasioa zabaltzeko asmoz, inguruko hegaztiak ikusteko bi hide edo begiratoki zabaldu zituen. 

Ezer baino lehen hegaztien zaintza eta babesa lehenetsi ditu Elai-Etxeko arduradunak bere jarduera martxan jartzeko. Hala aitortu dio, gainera, duela aste batzuk SEO/Birdlife erakundeak, eta turismo ornitologikoaren kalitatezko proiektuak nabarmentzeko sustatzen duen Iberaves zigilua eman dio. Berme hori duen Euskal Herriko proiektu bakarra da Elai-Etxea une honetan.

"Leku pribilegiatuan bizi gara Añanan, bioaniztasun ikaragarria dago hemen"

Pobesko ostatutik berrehun bat metrora dago lehen begiratokia."Gaur arte 30 hegazti espezie baino gehiago zenbatu ditugu bertan, baita azeriak, orkatzak eta basurdeak ere". Pizidoak hurbiltzen dira, okil berdeak (Picus viridis) maiz, eta baita hegazti paseriforme asko ere; harrapariak neguan: miru gorria (Milvus milvus) edo zapelatzak (Buteo).

Caicedo Sopeñako beste begiratokia, berriz, proiektuaren harribitxia bilakatu da azken urtean, ia egunero arrano beltzak bertatik igarotzea lortu baitu Markinezek. "Leku pribilegiatuan bizi gara Añanan, bioaniztasun ikaragarria dago hemen. Euskal Herriko Extremadura gara, biztanleria gutxi dugu eta hegaztien populazio izugarria dago. Gainera, denetariko paisaiak ditugu: basoak, zerealak, Ebro ibaia, Arreo aintzira, kareharrizko tontorrak Valderejon eta Sobronen...".

Joseba Markinez, Elai-Etxea proiektuaren arduraduna.

Ingurune bereziari esker, eta txikitan hegaztien ohituraz ikasitakoa baliatuta aukeratu zuen Markinezek arrano beltza ikusteko tokia, hain zuzen hegaztiaren antzinako habi baten ondoan. 

"Egunero eman ahal zaie jana, baina ez da egin behar, bere ohitura ehizatzea delako"

Animaliak erakartzeko, astean birritan untxiren bat edo oilasko zatiak uzten dizkie Markinezek behatokiaren ondoan dagoen enbor batean. "Egunero eman ahal zaie jana, baina ez da egin behar, bere ohitura ehizatzea delako; eta aukera baldin badu harrapakinak hilik jateko, ohitura aldatuko du, eta ez dugu hori nahi". Hortaz, neurrian ematen die janaria, eta aurten, adibidez, bi kume izan dituztenez, gutxiago eman die. "Aurten bi kume izan dute, berezia da, eta elikadurari esker izan da; beraz, gero eta kontu handiagoz jokatu behar dut; kumeak maiztasunez etortzen badira, ez baitute ehizatzen ikasiko". Hasiera batean, hilabetean behin bakarrik hurbiltzen ziren jatera arrano beltzak, "baina poliki-poliki harrapakinak aukeratzen, eta pazientzia handiz, fidelizatzea lortu dut". Hortaz, gaur egun, ezkutalekura joaten diren bisitariek arrano bikotea ikusiko dute ia seguru, pazientzia eta denbora izanez gero, eta begiratokian behintzat bospasei orduz zain egoteko prest baldin badaude.

Araban, hegaztiak behatzeko ezkutalekuak kokatzeko eta harrapariak elikatu ahal izateko, administrazio ezberdinen baimenak behar dira, eta Diputazioak jardueraren gaineko jarraipen zorrotza egiten du. Are gehiago arrano beltzaren kasuan, espezie zaurgarria delako eta babestuta dagoelako. "Erkidegoan soilik 15 edo 17 bikote daude; bikote bat ezik, Araban daude guztiak eta Añanan gehienak", azaldu du Markinezek.

Hiru hilero txosten bat aurkeztu behar du Markinezek Diputazioan, tarte horretan hegaztiei zer motako janaria eman dien azaltzeko eta ematen dien janariaren pisua eta trazabilitate osoa azalduz. Gainera, Arabako Diputazioaren araudiari jarraituz, harrapakinak beti hilik jartzen dizkie Markinezek arrano beltzei. "Beste herrialde batzuetan bizirik jartzen dizkiete, baina etikoki ere ez da zuzena; usoa lotuta jartzen duzu eta ikusten ari da arranoa datorrela eta ezin du ezer egin, krudelkeria handia da, argazki bat egitegatik denak ez du balio".

"Arrano beltza oso espezie lurraldekoia eta erasokorra da"

Arrano beltzaz gainera, beste harrapari ausart batzuk ere hurbiltzen dira mendiko begiratokira, baina kontu handiz jokatu behar dute, Elai-Etxeko arduradunak azaldu duenez. "Arranoa oso espezie lurraldekoia eta erasokorra da. Miruren bat baldin badago inguruan, edo arrano txikiren bat (Hieraetus pennatus) bertatik botako ditu; sai arrea (Gyps fulvus) ere uxatzen du, eta, gerturatzen bada, hil egingo du. Saiak pixka bat handiagoak dira, baina ez dute armarik eta ez dira arrano beltza bezain oldarkorrak; saia hildako animalietatik elikatzen da, eta arranoak, aldiz, animaliak ehizatzen ditu". 

Sorpresa ederrak ere jaso ditu azken urteotan Markinezek. Mikel Arrazola argazkilari profesionalaren ezinbesteko laguntza izan da bat. Beste bat, ezohiko hegaztiak behatzeko aukera izan da, sai beltza kasu (Aegypius monachus). "Hiru metroko hegal-zabalera duen hegaztia da, ikaragarria; hasiera batean pentsatu nuen parapente bat zela (kar, kar)". Bavieca zuen izena, Demandako mendilerroan (Errioxa) espeziea berreskuratzeko asmoa egiten ari dira, eta askatu zuten ale bat Añanara iritsi zen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide