Estavilloko erromanismoa, argitara

Erredakzioa 2019ko ira. 3a, 13:16
Done Jakue eta Frantziako gorterako bideen artean kokatuta zegoen herria. / ERDI AROKO ARABA

Ondare Irekia programaren barruan ikus daiteke dagoeneko beste garai batean "kokapen estrategikoa" izan zuen herriaren eliza.

Estavilloko Tourseko San Martin eliza da Ondare Irekia izeneko programaren baitan Erdi Aroko Araba elkarteak modu birtualean "ireki" duen azken eliza. Berezko aplikaziorik behar izan gabe, web nabigatzaile hutsaren bitartez elizaren barruko aldeak 360 gradutan ezagutzeko parada ematen du egitasmoak. Horrez gain, eta testuingurua finkatu aldera, eraikinari buruzko bestelako informazio osatua eskaintzen dute webgunean. 

Iraganean herri estrategikotzat jo dute Estavillo, Zadorra ibaira begira dagoen malda batean kokatuta, Done Jakue eta Frantziako gorterako bideen artean, gainera. "Araban dokumentatuta dauden herrietatik zaharrenetarikoa" dela adierazi dute Erdi Aroko Araba elkarteko arduradunek, 871. urtean monasterio baten dohaintza batean ageri baita, Stavellu izenpean. 

Bertako eliza Erdi Aroan herriak izan zuen garrantziaren adierazle da. Dena dela, eta hasiera erromanikoa izan arren, gotikoaren garaikoak dira ondorengo konponketak, eta estilo berria are adierazgarriagoa da barruan. Bertako artelanek erromanismo izeneko joera artistikoa argi adierazten dute, Italiako Errenazimenduaren eragina dela eta. 

Estavilloko elizaren barrualdeak. / Erdi Aroko Araba

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide