Ondare Irekia: giltza eduki ezean, sakelakoa

Juanma Gallego 2019ko uzt. 7a, 06:00
Sakelako telefonoaren nabigatzailea besterik ez da behar katalogoa ikusteko. / ALEA

Erdi Aroko Araba elkarteak bultzatuta, itxita dauden elizen barruko aldeak internet bidez ikusi ahal izateko egitasmoa da Ondare Irekia. Armentiako basilika da katalogoan sartu duten azken eraikina.

Artea eta ondarearekiko grina dutenek ondo dakite zer sentsazio desatsegina den: aspaldi ikusi nahi den eraikin batera iritsi eta itxita aurkitzea. Batzuetan, herri txikietan bederen, badago bidea atakatik ateratzeko: herrian bertan galdetu eta elizako giltzak dituen auzokide baten erreferentzia eman ohi diote bisitariari. Baina, askotan, ez da posible giltzak eskuratzea. Arazoa biderkatzen da urrundik iritsitako bisitarien kasuan, horiek ez dutelako aukerarik beste egun batean bueltatzeko.

Egoera horri aurre egiteko, pixkanaka tresna bat osatzen ari dira Erdi Aroko Araba elkarteko kideak. Egitasmoak Ondare irekia du izena, eta uztail honetan urtebete beteko du martxan. Hilabete hauetan guztietan elizen katalogo bitxia osatzen ibili dira. Sartu duten azkena Armentiako basilika izan da. Horrekin, orain arte bederatzi dira modu birtualean mundu guztiari irekitako elizak.

"Badira hainbat programa eliza horiek zuzenean bisitatzeko, adibidez Lautadan edo Gaubean, baina, beti ere, programa turistikoen barruan, eta normalean ordutegi mugatuen arabera. Baina gero eta bisitari gehiago daude; adibidez, Done Jakue bidea egiten dutenak", azaldu du programaren ardura duen Gorka Lopez de Munainek. Elkartean aspaldi konturatu ziren arazoaren tamainaz. "Askotan jendea kexaka etorri zaigu, esanez pena bat dela elizak barrutik ikusteko aukerarik ez izatea". Hortik abiatu zuten egitasmoa martxan jartzeko ideia, eta Erdi Aroko Arabako kideak Vital Fundaziora jo zuten, laguntza bila. "Funtsean, elizen kanpoaldean panel txiki batzuk jartzean datza kontua. Gehiegizko arreta ez dute erakartzen, baina erraz aurkitzeko moduan jarrita daude". Panel horietan QR kodea aurkitzen dute bisitariek, eta sakelako telefonoarekin hori eskaneatzea besterik ez da egin behar. Zuzenean eliza horretako barrualdeak hiru dimentsiotan ikusteko aukera ematen du loturak, telefonoaren nabigatzailearen bitartez, aparteko beste aplikaziorik erabili behar izan gabe. QR kodeekin trebatuta ez daudenek www.alavamedieval.com/irekia helbidearen bitartez aurkitu ahal dute katalogoa.

Irudiez gain, bestelako informazioa aurkitzen dute erabiltzaileek. Fitxa guztiek eskema berdina dutela azaldu du Lopez de Munainek: "Aurkibide txiki bat dago, eta edukiak hiru hizkuntzetan daude, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Sarrera bat eta lauzpabost minutu inguruko bideo txiki bat ere badago. Funtsean, oinarrizko informazioaren laburpen bat egin nahi dugu bertan". Ez da erabili duten baliabide bakarra: 360 graduko irudiak ere sartu dituzte, tenpluen barrualdeak ondo ikusi ahal izateko.

Argazki zaharrak

Informazioa osatzeko, eraikinari buruzko bitxikeriaren bat sartzen saiatu dira, eta baita eraikin bakoitzaren antzinako argazkiak ere. "Horri garrantzi handia eman diogu, irudi horiek aukera ematen dutelako alderatzeko gaur egungo egoera eta iraganean zegoena".
Hortaz, eraikinaren ateetan bertan ez ezik, pixkanaka osatzen doan katalogoak munduko edozein lekutik Arabako elizen inguruko informazio osatua jasotzeko aukera ematen du. "Ideia da denborarekin eduki berriak sartzea", gaineratu du Lopez de Munainek. Iaz Done Jakue bidearen lehen zati bat egin zuten, Zalduondotik Arkaiara doazen elizekin, eta Armentiarekin bigarren fasea hasi dute orain; momentuz, Gatzaga Buradonera arte luzatuko dute ibilbide birtuala. "Vital Fundazioaren laguntzarekin jarraitzen badugu, gure ideia da pixkanaka Arabako Ondarea jasoko duen datu base txukun bat osatzea", azaldu du Erdi Arabako kideak.

"Askotan jendea kexaka etorri zaigu, esanez pena bat dela elizak barrutik ikusteko aukerarik ez izatea". GORKA LOPEZ DE MUNAIN

Azaldu duenez, edukiak online izateak abantaila dakar: ikerketak eta informazioak osatzen doazen heinean, eraikinei buruzko informazioa gaurkotzeko modua dago. Arabako ondarearen berri ematen duen Micaela Portillaren monumentuen katalogoa ekarri du gogora. "Bilduma horretako azken aleak nahiko gaurkotuta badaude ere, hasierakoak oso desfasatuta daude".

Nazioartean ondarea biltzen duten antzeko bildumekin estandar moduko bat osatzeko modua egongo litzateke? "Momentuz ez dugu planteatu, baina etorkizunean gustatuko litzaiguke antzeko beste proiektuekin elkarlana hastea. Adibidez, Europa mailan dagoen Europeana katalogoa dago, guztia zentralizatzen duena, Creative Commons lizentzia baten barruan".

Instituzioen inplikazioa izatea gustatuko litzaiekeela aitortu du adituak. "Proiektu honek benetako zentzua izango luke Arabako eliza gehienak jasota egongo balira, turismoari begirako ibilbideetan sartzeko, turismo aukera guztiak modu globalean eskaini ahal izateko: natura, gastronomia edota kultura, adibidez".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide