Hogeita zortzigarren azoka ospatuko dute igande honetan Angoston, hainbeste urtean ahaztuta egon ondoren berreskuratu zenetik. Azoka honen xedea da herritarrei ezagutzera ematea Añanako Kuadrillan eta inguruetan kontsumorako produktuak landatzen, hazten eta egiten dituzten nekazarien, abeltzainen eta artisauen lana.
Azken urteetan, inguruko produktuen hainbat eta hainbat saltokirekin batera, abeltzaintza azoka egin dute, eta urte honetan sendotuko dute eskaintza; bertoko abereei eskainitako atal bat ikusi ahal izango da, hain zuzen, eskualdeko eta inguruko ustegietatik ekarritako abereak (behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak). Halaber, nekazaritzako makineria izango da, eta aurten, gainera, Añanako eskualdeko ikastetxeetako eskola lantegiak egongo dira eta turismoaren eta ostalaritzaren sektoreak ere bere lekua izango du Gaubeako Enpresari eta Ostalarien Elkartearen eta Turismo Bulegoaren eskutik. Noski, tokiko produktuen erakusketa eta salmenta ez da faltako: ogia, barazkiak, lekaleak, gaztak, marmeladak eta zukuak, eztia, hestebeteak eta haragiak, olioa, txakolina eta antzekoak, bai eta hainbat materialekin lan egiten duten artisauak ere, hala nola zeramika, zura, larruzko osagarriak, arrantzale jantziak eta abar.
Gainera, gune berezi bat egongo da Asiako liztorra izenez ezaguna den vespa velutinari buruzko informazioa emateko, bai eta biodibertsitatera zein ondorio dituen eta espezie inbaditzaile horren habia bat ikusten dugunean nola jokatu behar dugun jakinarazteko ere. Horiekin batera izango dira: musika, Añanako Bandaren eskutik; talo eta pintxo saltzaileak; patata txorizoarekin dastatzeko aukera; elizkizunak Angostoko Andra Mariaren ohoretan, eta beste hainbat jarduera.