Gaubeako Tuestako industrialdearen ondoan, Araba Garapen Agentziak duen 100.000 metro koadroko lursail batean begia jarri du nekazaritza sektoreko multinazional batek. Ekonomia Garapena eta Lurralde Orekako diputatu Pilar Garcia de Salazarrek azaldu duenez, Arabako Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza tomate hidroponikoetarako plantazio handi bat kokatzeko egitasmoa aztertzen ari dira: "Almerian eta Portugalen tomate hidroponikoko ustiapenak dituen enpresa batek interesa erakutsi du Tuesta herriko lursail batean; inbertsio ekonomiko handia aurreikusten du eta 50 lanpostu sortuko lituzke".
Lurzorurik gabeko landare kultiboen ekoizpen teknika da hidroponia. Lurzorurik ezean, landareek euskarri gisa bestelako substratu batzuk behar izaten dituzte: hondarra, turba, perlita, bermikulita... Baina substratu gabe ere erabil daiteke teknika hau. Horrelakoetan landarea soluzio hutsean murgilduta bizitzen da. Behar dituen substantzia elikagarriak uretan disolbaturik gehitzen zaizkio landareari.
Tuestako egitasmoa oraindik hastapenetan dagoela azpimarratu du diputatuak, baina halere argitu du kristalezko edo plastikozko sei hektareako berotegi tunel kokatzeko asmoa duela multinazionalak Tuesta herrian. "Sustatzailea bitartekoak aztertzen ari da, batik bat uraren eta energiaren hornidurak, eta eskualdeko ureztatzaileen elkartearekin harremanetan jarri da". Halaber, diputatuaren arabera, EAEko tokiko produktoreekin eta nekazaritza kooperatibekin hitz egin du enpresak "elkarlana sustatzeko asmoarekin".
Une honetan, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Diputazioa multinazionalarekin lankidetza bultzatzeko aukerak aztertzen ari dira, baina diputatuak aitortu duenez, halako egitasmo bat kudeatzea zaila da eta denbora eskatuko du. "Hastpenetan dago proiektua" esan du.
EH Bilduko batzarkide Kike Fernandez de Pinedok tomate hidroponikoko plantazioaren inguruan aurkeztutako galdera bati erantzunez egin du agerraldia, Batzar Nagusietan, Garcia de Salazarrek. Diputatuaren azalpenen harira, Fernandez de Pinedok ohartarazi du Europako multinazional handiaren egitasmoaren atzean nekazaritza intentsiboaren aldeko apustua dagoela, eta "Almeria eredua" sustatu nahi izatea arbuiatu du. Aldiz, tokiko produktoreak eta ekonomia zirkularraren alde lan egiteko dei egin du.