"Akordioak dira benetako gihar politikoa, ez zinegotzi kopurua"

Anakoz Amenabar 2019ko mar. 22a, 08:00

Javier Martinez, Langraiz Okako errota zaharraren ondoko parkean. /Alea

Hamabost urte bete ditu Javier Martinezek alkate (PSE) modura, eta horretarako osagai garrantzitsuena ezberdinen arteko akordioak direla uste du; proiektu estrategikoak aurrera eraman ahal izateko "gutxienez bi legealdi" behar direla dio. 

Zinegotzi moduan aritu eta gero, ia konturatu gabe hartu zuen Iruña Okako aginte makila Javier Martinezek (Langraiz Oka, 1967). Bederatzi zinegotzi dituen Udalean, soilik birekin eskuratu zuen alkatetza. Hamabost urte igaro dira ordutik, eta hurrengo legealdian lanean jarraitzeko aurkeztuko du bere burua. Udalerriaren irudia "aldatu" eta "lotarako-herri" ez bilakatzea ditu lehentasun nagusiak.

Hainbeste urte alkatetzan jarraitzeko, zeintzuk dira beharrezko osagaiak?

Akordioak lortzeko gaitasuna izatea, eta horretarako malgutasuna izatea beharrezkoa da. Estrategikoak diren proiektuak aurrera atera ahal izateko, akordioak ezinbestekoak dira, epe ertain batera egitasmoak jarraitzea bermatuko duten akordioak. Guk alderdi guztiekin izan ditugu akordioak, eta pozik gaude; horrek ematen dio udal bati beharrezko giharra, ez zinegotzi kopuruak. Osagai nagusia hori dela uste dut. Gasteizen ezin dira estrategikoak diren proiektuak aurrera atera, gehiengorik ez dagoelako eta proiektu jakinetan ados jartzeko borondaterik ere ez. Bilbo, aldiz, horretan eredu dela uste dut; bakoitzak bere ideologia duen arren, egitasmo ezinbesteko batzuetan eta hiriaren norabidea adosteko gaietan, bat egiteko ahalegina egin dute. 

"Pedro Sanchez ondo egiten ari dela uste dut, sentsibilitateen arteko oreka bila"

Zer lehentasun duzu hurrengo legealdirako?

Ez dugu osasun zentro bat, eta hori niretzat kezka nagusietako bat da. Egin dudan kudeaketan orban bat da niretzat. Gizarte etxean dugu gaur egun osasun zentroa, baina txiki geratu da, eta ez ditu beharrezko baldintzak betetzen. Arratsaldez mediku bat izatea lortu genuen, sistema berriak jarri behar dira martxan, eta egungo gunean ez dago horretarako aukerarik; esku-ohe bat ere ez da sartzen han. Osakidetzaren borondaterik gabe, halere, guk ezingo dugu ezer egin.

Errota zaharra lehengoratu zenuten, baina hutsik jarraitzen du...

Duela urte batzuk Langraiz Oka erdiguneko lehengoratzea hasi genuen, eta mugarri garrantzitsua izan zen Errota. Eusko Jaurlaritzaren  laguntzei esker erosi ahal izan genuen esku pribatuetan zegoen eraikina; zaharberritu eta norabide jakin batean joatea lortu genuen. Zerbitzu turistiko batera bidean pausoak eman nahi genituen, ostalaritza espazio bat jartzeko, baina URA agentziarekin arazoak izan genituen eta ez zen proiektu hori aurrera atera. Udalak beste proiektu bat onartu zuen, kultura zentro bat egiteko, baina denak balio du dirua... Udaletxe txiki bat gara, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta diru-laguntzak ekarriko dituzten egitasmoak proposatu behar ditugu. Baliabideak erakarriko dituen egitasmo bat behar dugu. Ondoan zentro iktiologiko bat izango dugu, ur kontinentalen inguruko ikerketa zentro bat, eta, beharbada, horrekin lotuta joan daiteke egitasmo berria.

Hainbat kritika heldu dira Garabo auzotik, ingurua ahaztuta dagoela eta. 

Jatorria 1998an duen arazo bat da. Hainbat etxebizitza egin ziren han, zentral hidroelektriko baten inguruan. Orduan ez zen herrigune moduan izendatu eta linbo batean geratu zen. Ordenazio barruan baleude moduan saldu zuen eraikuntza-enpresa batek, eta ez zen hala; beharbada akats bat egin zelako, ordenaziotik kanpo jarraitzen zuten. Eraikuntzaren booma hasita, hainbat lagunek etxea erosi zuten arrazoizko prezio bat zutelako. Udaletik erantzun bat ematen saiatu zen ordenazio plan batekin, baina URAk atzera bota zuen, uholde gunean zelako. Orain, plan orokor berriarekin, erantzuna eman nahi diogu. "Barreiatutako herrigune" moduan izendatu nahi dugu, horrek hainbat ekintza aurrera eramateko aukera ematen digulako, eta bermatu ahal izango dugulako hango bizilagunek merezi dituzten zerbitzuak izatea, eta, era berean, haiek urbanizazioaren kargetan parte hartzea.  

"Espetxe zaharra kartzelari lotutako eraikina izan ez dadin lanean jarraituko dugu"

Langraizeko kartzela zaharra herriarentzat izan behar zela iragarri zenuen garai batean. 

Hala da. Politikan garrantzitsuena zintzoa izatea da, eta argi esango dizut. Espainiako Espetxe Erakundearekin negoziatzen ibili ginenean, gure asmoa eta aurreikusten genuena Langraizen zentro bakar bat zen. Berria zabaltzearekin batera, asmoa zaharra ixtea zen. Zentro berri duin bat eraikitzeko kolaboratu genuen, kartzela zaharrak hori ez zuelako betetzen. Udalerria kartzelagatik ez ezagutzea izan da, gainera, nire konpromisoetako bat beti. Langraizekoak ginela esaten genuenean, erantzuna "barrukoa ala kanpokoa?" izaten zelako. Konpromisoa hori zen. Espetxe Erakundeak hirietan gizarte zentroak jartzeko politika bati ekin zion, eta Gasteizen orube batzuk erosi zituen horretarako. Baina orduko Gasteizko Udaleko oposizioarengatik ez zuten ireki. Langraiz Okako kartzelako alderik berriena erabili zuten horretarako. Guk, hala ere, jarraituko dugu lanean espetxe zaharra kartzelari lotutako eraikina izan ez dadin.   

Arazo bat da herriarentzat?

Inolaz ere. Halako gune bat etxe ondoan jarri behar dutela diotenean, sekulako istiluak sortzen dira. Ni alkate naizenetik, ordea, ez dugu inolako ustekabekorik izan. Hala ere, gaur egun gizarteratzeko zentro txikien aldeko apustua egiten da, eta logikoena litzateke lan lekutik gertuen dauden zentroan egotea; aldiz, zentroan daudenen %70 Bizkaitik etortzen dira.

Lau urte barru, nola irudikatzen duzu Iruña Oka?

Udalerriak bizitza gehiago izatea nahiko nuke, eta askotan ematen zaion irudi txarra aldatzea. Lotarako herria izatea arriskutsua da, herritik kanpo egiten duzulako bizitza, eta halabeharrez herria itotzen duzulako; uste dut hemen joera horri buelta ematea lortu dugula, baina oraindik aldaketa behar da. Eta ari gara, Santa Catalinako lorategi botanikoarekin, kirol jarduerekin, asteburuko gastronomia eskaintzarekin... Alkate izaten jarraitzen badut, hori izango da lehentasunetako bat. 

Udal hauteskundeen aurretik datoz Espainiakoak. Ultraeskuinak izan dezakeen gorakadak kezkatzen zaitu?

Bai, noski. PSOE ondo egiten ari dela uste dut, herritarrekin lotura berreskuratzen; gizarte aurrerakoi baten alde, pertsonen eskubideak lehenetsiko dituena. Baina, dudarik gabe, kezka dut; VOX-ek baino gehiago kezkatzen nau eskuineko alderdi nagusienak berarekin batera joaten ari direla. Ez gaitezen engaina, VOX eta Ciudadanos-en aurretik, boto horiek PPra zihoazen, eskuineko politika nolabait esateagatik "moderatu" batera. Orain, ordea, kezkatzekoa da Rajoy baino atzerakoiagoak daudela agintean.    

Ezkerra, berriz, nola dago Espainian?

Podemosek arazoak dituela ikusten ari gara, eta normala da, politikan bost urte ez direlako ezer; euren artean arazoak daude alderdia sendotu eta trinkotzeko. Eta PSOEn, berriz, esperientzia handia dugu, kudeaketan esperientzia, baina ez dut ukatuko gure etxean ere arazoak daudenik. Alderdi barruan oso ikuspegi desberdinak daude, eta askotan horrek kontzeptu batzuetan korapilatzera eramaten gaitu. Baina eztabaida ere aberasgarria da, eta Sanchez ondo egiten ari dela uste dut, sentsibilitate desberdinen arteko oreka bilatzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago