Arasurreko parke fotovoltaikoan 24 milioi euro inbertituko dituzte

Erredakzioa 2019ko urt. 29a, 07:00

Arasurreko parkeak okupatuko duen lursaila. ALEA

KREAN taldean bildutako enpresa pribatuek eta Euskal Energia Erakundeak (EEE) asmoa aurkeztu dute.

ALEA aldizkariak iragan urteko irailean aurreratu zuen moduan, Ribabellosako Arasur industrialdean kokatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko parke fotovoltaiko handiena. Guztira, 55 hektarea okupatuko ditu energia-azpiegitura berriak, eta 67.000 eguzki-panel izango ditu. Urtean, batezbeste, 40.000 MWh sortuko ditu parkeak, hau da, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren parekoa.

Aste honetan aurkeztu dute eguzki-parkea Eusko Jaurlaritzak eta KREAN izeneko Interes Ekonomikoko Ekartean bildutako hainbat enpresek: besteak beste, Aernnova, Irizar, Iberdrola, Vital Fundazioa, Petronor eta Capital Energy daude talde horretan. Lankidetza publiko-pribatu gisa eratu da proiektua, eta hogeita hamar urteko eperako eratu dute. Helburua instalazio fotovoltaiko horren energia sortzeko jarduera martxan jartzeko eta egikaritzeko jarduna erraztea du. Guztira, 24 milioi euroko inbertsioa bideratuko dute eguzki-parkea instalatu eta martxan jartzeko.

Parke fotovoltaikoa eraikitzeko obrak martxoan abiatzea aurreikusi dute sustatzaileek eta urtearen amaieran martxan jartzea espero dute. Adierazi dutenez, proiektu aitzindaria izango da Arasurreko parkea, "lehen aldiz sustatuko baita eguzki-parke bat instalatutako potentziaren zati baten jabe izango diren enpresa ugariren lankidetzaren bitartez".

Erlazionatuak

Eguzki plakak nagusi Arasurren

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018 ira 26 Añana   Erriberabeitia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago