Euskal Autonomia Erkidegoko eguzki instalazio fotovoltaiko handiena jartzeko urratsak egiten ari da Arasurreko poligonoa kudeatzen duen Araba Logistika S.A sozietate publiko-pribatua; 47 hektareako gutxieneko azalera izango du parkeak, eta 24 bat MWeko ekoizpena izan dezake etorkizunean. Eremua egungo I10/S izeneko sektorea da, AP-68 errepidearen eta Arasur plataforma logistikoaren ekialdean kokatuta dagoena.
Hainbat aukera aztertu ostean, sozietateak parke fotovoltaikoa poligonoa handitzeko aurreikusita zegoen lurzoruan kokatzea erabaki du. Araba Logistikaren arabera, "arrazoi ekonomikoengatik eta kudeaketa kontuengatik" erabaki dute Arasur poligonoaren handitzearen bigarren faseari uko egitea, eta horren ordez, parke fotovoltaiko bat eraikitzea. Hala jasotzen da pasa den astean, Erriberabeitiko arau subsidiarioen aldaketa egiteko Diputazioaren Ingurumen sailak emandako ingurumen txosten estrategikoan.
Txosten horretan aipatzen denez, Arasur kudeatzen duen elkarteak kontuan hartu du proiektua gauzatzeko azalera nahiko dagoela eremu horretan, eta eguzki panel fotovoltaikoak instalatu eta egoki orientatzeko aukera dagoela. Gainera, egungo planeamenduak erabilera industrialerako lurzoru moduan klasifikaturik du eremua, eta hori bateragarria izan daiteke energia ekoizteko egiturarekin; beraz ez da beharrezkoa lurzoru gehiago klasifikatzea.
Arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartu aurretik, "Ingurumena lehengoratzerako eta paisaia integraziorako proiektua" aurkeztu beharko dio Araba Logistikak Ingurumen eta Hirigintza zuzendaritzari. Egun, nekazaritzarako erabiltzen den eremua da parke fotovoltaikoak okupatuko duena, "baina eragina txikia izango dela aurreikusten da, kontuan hartuta egungo hirigintza planeamenduak aurreikusita zeukala Arasur plataforma logistikoaren 2. fasearekin jarraitzea bertan".
Arasurreko egitasmoa energia berriztagarrien sektoreak bizi duen susperraldiaren harira dator. Izan ere, iaz %145 hazi zen Espainiako Estatuan instalatutako potentzia fotovoltaikoa.
Irakurri albiste osoa ALEA aldizkariaren 165. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.