Barrongo urtegiaren ingurumen inpaktuaren txostena onartu dute

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2019ko urt. 17a, 18:13
Barrongo urtegiaren kontrako pankarta, Barron herrian. PHOT.OK

Barrongo urtegiak 52,40 hektarea ureztatuko ditu azkenean; A-4319 errepidearen ibilbidea aldatuko dute Genista eliaasennenii landarea babesteko.

 

Espainiako Trantsizio Ekologikoaren Biodibertsitate eta Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzak Barrongo urtegiaren ingurumen inpaktuko txostena onartu du; horrenbestez azken langa gainditu dute administrazioek proiektuak aurrera egin dezan. Mahai gainean zituen hiru alternatiba artean, Arabako Foru Aldundiak iaz aurkeztu zuen txosten eguneratuan oinarritzen dena aukeratu du Espainiako Nekazaritza Ministerioaren mendeko Acuaes enpresak.

Horretan jasotzen denez, Arabako Haranak Ureztatzeko Proiektuak ureztatuko duen azalera nabarmen murriztuko da, hain zuen hasierako proiektuan aurreikusi zuten 11.525 hektareatik 5.890 hektareara. Izan ere, Baia eta Zadorra ibaietatik ura hartzea baztertu dute, eta Bioto zein Villanañeko urmaelak eraikitzea ere alde batera utzi dute.

Barrongo urtegiak berez 52,40 hektarea lur ureztatuko ditu eta 4,96 hm3 ur jasoko du. Omecilloko hiru ibaiadar erabiliko dituzte urtegia betetzeko, Tumecillo ibaiaren ura Osma herritik, eta Atiaga errekaren ura. 33,5 metroko altuera izango du presaren hormak, eta Atiagatik gertu eraikiko da.

Ingurumen inpaktuko txostenak hainbat neurri zuzentzaile aurreikusten ditu obraren kalteak murrizteko. Horien artean dago urtegiaren azpian geratuko den A-4319 errepidea berriro eraikitzea eta horren ibilbidea aldatzea Genista eliaasennenii landarea babesteko.

Polemika iturburu izan da Barrongo urtegia 2016. urtetik; eta inguruko herrietan urtegiaren kontrako plataforma sortu da urtegiaren beharra zalantzan jarriz.

Erlazionatuak

Barrongo urtegia gelditzeko lehen urratsa

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016 urt 28 Añana

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide