Barrongo urtegiaren aldeko jarrera berretsi du Ramiro Gonzalezek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko urt. 31a, 12:32
Barrongo urtegiaren inguruan hamaika batzar egin dira azken urtean Añanako Kuadrillan. ALEA

Barrongo urtegiaren inguruko parte hartzeko prozesuaren emaitzak arbuiatu, eta egitasmoaren aldeko apustua berretsi du Arabako Diputazioak.

"Egitasmoarekin aurrera jarraituko dugu, eskualderako eta herrialderako beharrezkoa delako, baina azterketaren ondorioek atsekabe handia sortu didate". Hitz horiekin amaiera eman dio Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek azken urte honetan, Añana eskualdean, Barrongo urtegiari buruz egin den parte hartzeko prozesuari; halaber, prozesuaren barruan, FNCA (Fundacion Nueva Cultura del Agua) taldeak egin duen azterketa teknikoa errefusatu du. Ahaldun nagusiaren hitzetan, "nekazaritza ezinbestekoa da gure lurraldean, eta etsipen handia izan da pertsona horiek –FNCAko teknikoak hain zuzen– esatea nekazariak ez direla beharrezkoak".

EH Bilduk, ostera, Barrongo urtegiaren oraingo proiektua gelditzea eskatu du, "Arabako Ibarren ureztatze politikak egungo beharrei egokitzeko, eta berriz definitzeko". EH Bilduko bozeramaile Kike Fdez de Pinedok esan duenez, FNCAko teknikoek aurkeztutako txostenak aukera bat bezala ikusi behar dira: "Proiektua gelditzeko, birpentsatzeko eta sektorearekin batera, beharrei erantzungo dien azpiegitura bat egin ahal izateko aukera bat dira". 

ALEAk iragan abenduan aurreratu zuen moduan, FNCAk Arabako Diputazioaren proiektuari buruzko azterketa egin ondoren, ondorioztatu du Barrongo urtegiak ez dituela Europatik markatzen dituzten gutxieneko baldintzak betetzen. Jorge Bielsa, Cesar Gonzalez eta Domingo Baeza adituek eginiko azterketaren harira, akats larriak ditu Barrongo urtegiaren proiektuak. Hala, tekniko hauen esanetan, Europako Zuzentarauak jasotzen duenaren kontra, Diputazioak ez ei du bideragarritasun ekonomikoari eta sozialari buruzko azterketa egin, eta gainera, ez du kostuak berreskuratzeari buruzko txostenik aurkeztu. FNCAko teknikoen esanetan, "ikerketa ezak proiektua bera baliogabetu du, Aldundiaren txostenak ez du Europako Uraren Zuzentaraua betetzen".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide