Arabako kuadrillarik handiena da Añana zabaleran, eta hamar udalerri biltzen ditu guztira, oso izaera desberdinekoak. Zanbranatik Kuartangora eta Gaubeatik Iruña Okara herri txiki askoz osatutako eskualdea da, eta populazioa oso banatuta bizi da. Gaztela eta Leongo mugan egoteagatik, gainera, gaztelania da kultura eta hizkuntza erreferentzia nagusia udalerri askotan, eta bertako biztanle askok Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) lan egiten dute edo bertan ematen dituzte tarte libreak.
Zailtasunak zailtasun, urrats handiak egin dituzte bertako eskoletatik, Kuadrillako Euskara zerbitzutik eta bere garaian oso dinamikoa izan zen Euskara AÒanan Mingainean elkartetik euskara bultzatzeko, eta batik bat haurrak eta gazteak euskalduntzeko. Halaber, añanar heldu asko euskara ikasten ari da azken urteetan.
Lan horren isla da 300 bizilagun inguruk izena eman dutela Euskaraldian, eta ekainetik gaur arte lan handia egin dutela Euskaraldiaren antolaketaren batzordean buru-belarri ibili diren hogeitik gora lagunek. Hala, Añanako Kuadrillako euskaldunen sare berri bat sortzen ari dira, eta etorkizunera begira ere planak egin dituzte: herri bazkaria antolatu dute otsailean Kuartangoko sagardotegian, Korrikan parte hartzeko asmoa dute…
'Errementari' Iruña Okan
Dena dela, lehendabizi asteburu honetako erronkari eutsi beharko diote eskualdean. Izan ere, Euskaraldian erabat murgilduta eta Euskararen Egunaren atarian, hainbat ekitaldi antolatu ditu Añanako Kuadrillako batzordeak. Ostiralean, azaroaren 30ean, esate baterako, Errementari pelikularen proiekzioa eta Paul Urkijo zuzendariarekin mahai-ingurua izango dituzte Langraiz Okako gizarte etxean, 18:00etan. Ondoren, 20:00ak aldera, poteoa egingo dute trikitilariekin herriko tabernetatik.
Abenduaren 1ean, larunbatean, berriz, Gesaltza Añana aukeratu dute ekitaldi nagusia antolatzeko. Hartara, goizetik hasiko dira herri kirolarekin herria astintzen; haurrentzat zein helduentzat zuzendutako kirol-jarduera parte-hartzailea izango da, eta 12:00etan hasiko da, herriko plazan. 15:00etan, berriz, bazkari herrikoia antolatu dute Gatzalde elkartean. 14:00etan hasiko da haurrentzako bazkaria, eta jarraian txikientzako tailerrak egongo dira. Modu horretan, 15:00etan helduentzako bazkaria hasi ahalko da.
Bazkalondoan, bakarrizketa izango da Jose Cruz Gurrutxagarekin, 16:30ean, elkartean bertan, eta ondoren, 18:00etan, Kidam magoak Gatz Haraneko erabilera anitzeko gelan magia ikuskizuna eskainiko du, adin guztientzako publikoarentzat. Eguna borobiltzeko, 19:00etan euskaraokea eta dantzaldia izango dira bolatokian.
Merkatuan, jokoak eta musika
Igandean, abenduaren 2an, euskararen aldeko ospakizunak Gaubeako ekoizleen merkatura mugituko dira. Izan ere, hilabeteko lehen igandea izateagatik Uribarri-Gaubeako frontoian hitzordua dute inguruko nekazariek, artisauek eta herritarrek. Abenduko azoka gainera berezia izan ohi da, eta aukera hori baliatuta eta antolatzaileen babesarekin, euskara plazara aterako dute. Hala, 12:00etatik aurrera egurrezko jolas erraldoiak egongo dira azokan bertan umeentzako, eta euskal musikak alaituko du goiz osoan merkatuko giroa.