Hasi dira Zabalateko dorre nagusia finkatzeko lanak

Erredakzioa 2018ko ira. 21a, 16:48
Zabalateko dorre nagusia finkatzeko obrak hasi dira. ZANBRANAKO UDALA

Zabalateko gaztelua eta Erdi Aroko hiribilduaren balioa nabarmentzeko proiektuaren hirugarren faseari ekin diote. 

Zabalateko monumentu multzoa berreskuratzeko lanak aurrera doaz. Uztailean hasi ziren erortzeko arriskuan zegoen gazteluaren dorre nagusia finkatzeko obrak, eta dagoeneko oso aurreraturik daude. Hurrengo urtera bitartean, Zabalateko gaztelua eta Erdi Aroko hiribilduaren balio nabarmentzeko proiektuaren hirugarren faseari ekingo diote. 

EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak gidatzen duen egitasmoaren helburua da XI. mendean eraiki zen hiribildua berreskuratzea, eta bertako bizimodua bisitariei erakustea. Hiru gunetan banatuta dago Zabalateko monumentu multzoa: gaztelua, eliza eta herria. Eta EHUko adituen esanetan "Euskal Herriko multzo historiko ikusgarrienetako bat da".

Halaber, gaur bertan parte hartu dute Zanbranako alkate Aitor Abeziak eta EHUko irakasle Jose Luis Solaunek Santiago de Compostelan (Galizia) Ondare Kulturalaren eta Naturalaren inguruan egiten ari diren Hispania Nostra nazioarteko kongresuan. 

Arabako Foru Aldundiaren, Zabalateko Batzar Administratiboaren, Zanbranako Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen esku dago Zabalateko monumentua berreskuratzeko egitasmoa. Aldundiak 135.000 euro bideratu ditu azken aurrekontuetan lanak finantzatzeko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide