Gaubeako Schubertaldiak jarraipena izango du hurrengo urtean

Estitxu Ugarte Lz.de Arkaute 2018ko uzt. 31a, 10:16
Asier Polo, munduko biolontxelo-jotzaile bakarlari ezagunenetarikoa, Bachicaboko kontzertuan.

Gaubeako Tuestan eta Bachicabon ospatu den musika klasikoaren lehen edizioak arrakasta handia izan du.

Oso balorazio positiboa egin du Gaubeako alkate Juan Carlos Ramirez-Escuderok iragan larunbatean amaitu zen Schubertaldiaren lehen edizioaren inguruan, eta aurreratu du lanean ari direla hurrengo urtean musika klasikoa protagonista duen jaialdiaren bigarren edizioa udalerrian ospatzeko. "Bostehun lagunetik gora izan dira lau kontzertutan, jendea oso pozik atera da kontzertu guztietatik, eta maila handia erakutsi dute musikari guztiek. Hasieran zalantza genuen jendeak erantzungo ote zuen, baina elizak bete ditugu kontzertu guztietan".

Ramirez-Escuderok gaineratu duenez, publiko gehiena Gaubeakoa izan bada ere, kanpoko jendea ere hurbildu da Tuestako eta Bachicaboko elizetara: "Bilboko hogeita hamar bat lagunen talde bat etorri da larunbatero, eta hori ere azpimarratu behar dugu, hemen geratu direlako afaltzen edo bazkaltzen, eta inguruko ostalariek sumatuko zuten". Hortaz, haren esanetan helburua lortu dute Schubertaldiaren lehen edizioarekin, batetik kultura ekimen garrantzitsu bat programatzea, eta bestetik, Gaubea ezagutaraztea. 

Hurrengo urteari begira dagoeneko hitz egin dute Vilabertrango (Girona, Katalunia) Schubertaldiaren antolatzaileekin, eta irailean hasiko dira lantzen 2019. urteari begirako programazioa: "Gauza berriak egin daitezke lehen urteko jaialdia arrakastatsua izan dela ikusirik, eta finantziazioa bermatzen baldin badugu; katalanek proposatu digute, esate baterako, egun berean bi kontzertu egitea, goizez eta arratsaldez, eta ildo horretatik lau beharrean bost edo sei kontzertu programatu daitezke".

Erlazionatuak

Aire erromantikoak Gaubean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 eka 07 Añana   Gaubea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide