Aire erromantikoak Gaubean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko eka. 7a, 16:38
Tuestako Andre Maria elizan eta Bachicaboko San Martinen (argazkian) izango dira kontzertuak. /PHOT.OK

Lehendabiziko aldiz ospatuko da Euskal Herrian 'Schubertaldia'. Konpositore erromantikoaren inguruko jaialdia Kataluniako Vilabertran herritik Gaubeako Tuesta eta Bachicabora zabaldu da.

Ezaguna da musikazaleen artean Vilabertrango (Girona, Katalunia) 'Schubertiada' ganbera-musika jaialdia, eta aurten 25 urte bete ditu; Franz Schubert konpositore erromantikoaren obrak ezagutarazteko lan handia egin du Jordi Roch jaialdiaren lehendakariak, eta munduko artista nabarmenenak pasatu dira azken urteetan Vilabertrango eliza kanonikotik.

Bada, aurten, Euskal Herrira zabalduko da Kataluniako jaialdiaren itzala. Izan ere, hurrengo uztaileko lau larunbatetan kontzertuak antolatu dituzte Bartzelonako Franz Schubert elkarteak eta Gaubeako Udalak; Tuestako eta Bachicaboko eliza erromanikoetan izango dira. Kontzertu bakoitzerako sarrerak hamabost euroan daude salgai, Kutxabankeko webgunean.

Gaubeako alkate Juan Carlos Ramirez-Escuderoren bitartez izan dute Vilabertrango jaialdiko antolatzaileek urrutiko tenpluen berri. Iragan urtean ezagutu zuen Ramirez-Escuderok Roch zuzendaria Kataluniako jaialdian. "Komentatu nion Gaubean badirela erromanikoko bi eliza zoragarri, Vilabertrangoa bezain ederrak, oso akustika ona dutela, gainera, eta gonbidatu nituen antolakuntzako arduradunak ikustera etortzeko".

Gaubean izan dira Franz Schubert elkarteko kideak bisitan, bi herri txikien tenpluen akustika aztertzeko asmoz eta  "liluratuta" joan dira, alkatearen esanetan. "Kontzertuak egiteko leku aproposa aurkitu zuten, eta ingurunearen edertasunak txunditu zituen".

Hala, Schubertaldia-ren gune nagusia Vilabertrango eliza bada ere –bertan izango dira 26 kontzertu–, bost eszenatoki berri gehituko dira aurten jaialdira: Kataluniako Figueres, Castello d'Empuries eta Sant Quirze de Colera, Frantziako Saint-Andre de Sorede, eta Euskal Herriko Gaubea. 

Urtero, milaka lagun hurbiltzen dira Vilabertrango jaialdira. Gaubeako alkateak nabarmendu duenez, ekitaldiak aukera emango du bertako paisaiak maite dituztenekin batera, "musikarekin eta kulturarekin gozatzen dutenak ere erakartzeko".

Maila goreneko musikariak

Gaubeako Schubertaldia uztailaren 7an zabalduko dute Katarina Konradi sopranoak eta Roland Vielweg piano-jotzaileak. Kirgistango kantariak Berlinen hasi zuen musika-prestakuntza, 209. urtean, Julie Kaufmannekin batera. Gaur egun, Wiesbadeneko Operaren konpainiako kidea da. Vielweg, berriz, Alemaniako orkestra zuzendaria eta piano-jotzaile independentea da. Besteak beste, Hagengo eta Hofeko orkestra filarmonikoak zuzendu ditu.

Bigarren emanaldia Casals laukoteak eskainiko du, hari laukote garrantzitsuenetako bat. Orain arte, laukote egoiliarra izan da Koloniako Musikhochschule zentroan, eta eskolak ematen ditu Bartzelonako ESMUC zentroan.

Munduko biolontxelo-jotzaile bakarlari ezagunenetarikoa da hirugarren emanaldikoa. Asier Polo bilbotarrak solista karrera handia egin du zuzendari eta orkestra ospetsuenekin. Une honetan, Forum Musikae Nazioarteko Musika Akademia eta jaialdiko zuzendari artistikoa da. 

Ivan Martin piano-jotzaileak itxiko du jaialdia. Martin musikari bikaina da; Espainiako orkestra guztiekin kolaboratu ohi du eta munduko kontzertu areto nagusietan izan da.  

 

 

Lau eguneko 'Schubertaldia'

 

 

Katarina Konradi
etaRoland Vieweg

 

Uztailak 7, larunbata.

20:00etan.

Tuestako elizan.

Errepertorioa: Schubert, Mendelssohn, Brahms eta Fallaren lieder-ak.

 

Casals laukotea 

 

Uztailak 14, larunbata.

20:00etan.

Bachicaboko elizan.

Errepertorioa: Bachen biolontxelorako 1, 3. eta 6. suite-ak.

 

 

 

Asier Polo, biolontxelo jotzailea

 

Uztailak 21, larunbata.

20:00etan.

Bachicaboko elizan.

Errepertorioa: Beethovenen 14/1, 18/1 eta 59/2 kuartetoak.

 

 

 

Ivan Martin, piano-jotzailea

 

Uztailak 28, larunbata.

20:00etan.

Tuestako elizan.

Errepertorioa: Mozarten bi obra eta Frederic Chopinen lau balada.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide