Frankistek hildako langraiztarren senideek sumindura agertu dute PSOE eta PPrekin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 10a, 13:15

Iruña Okako udalbatzaren irudia.

Formazko akatsak argudiatuta, PSOEk eta PPk erabaki dute herriko frankismoaren biktimak aintzat hartzeko mozio bat ez eztabidatzea.

Frankistek hildako zazpi herritarren inguruko mozioa aztertzeko proposamena zuen mahai gainean atzo Iruña Okako udalbatzak. Alta, PSOEk eta PPk formazko akatsak argudiatuta mozioa ez eztabidatzeko botoak batu zituzten eta bertan behera geratu zen proposamena. EH Bilduk aurkeztu zuen mozio hori, hildakoen senideen izenean. Herriko kaleetan plaka bat jartzeko eskatzen zuten, Iruña Okan frankismoak eragindako biktima guztiak oroitzeko eta honako zazpi langraiztarren izenak hor jasotzea: Hipolito Ajamil Saenz, Deogracias Franco, Francisco Lopez Murga, Aurelio Rodriguez Gonzalez, Bonifacio Somaloma Robador, Claudio Ruiz de Austri Pinedo, eta Domingo Ruiz de Austri Ruiz de Austri.

PSOEren eta PPren aurrean senideek sumindura eta tristura agertu dute. Gutun batean azaldu du Mikel Resak, Hipolito Ajamilen bilobak,  PPren eta PSOEren jarrerak eragin dizkien sentimenduak: "Pozik geunden, 82 urte igaro behar izan badira ere,  Iruña Okako udalbatzak 1936. urtean hildako zazpi herritarren aitorpena eztabaidatu behar zuelako. Haatik, suminduta, triste eta lotsatuta atera ginen, udalbatzan senideekiko antzeman genuen begirune falta ikusita".

PSOEk eta PPk aipatutako formazko akatsak arbuiatu ditu Resak, eta azpimarratu du: "Zerbait egin nahi duenak egiteko modua topatzen du, egin nahi ez duenak aitzakiak bilatzen ditu". Gainera, gogoratu dute Udalean inoiz ez dela frankismoak hildako Iruña Okako bizilagunen inguruan kezkarik edo gogoetarik egin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago