Iruña Okako udalbatzak arratsaldean aztertuko du frankismoaren biktimek eta EH Bilduk aurkeztu duten mozioa. Horretan jasotzen da 1936. urteko iraila eta azaroa bitartean Langraiz Okako zazpi bizilagun atxilotu eta hil zituztela frankistek; ondoren hobi ezezagunen batean lurperatu zituzten. Hipolito Ajamil Saenz, Deogracias Franco, Francisco Lopez Murga, Aurelio Rodriguez Gonzalez, Bonifacio Somaloma Robador, Claudio Ruiz de Austri Pinedo, eta Domingo Ruiz de Austri Ruiz de Austriren gorpuzkiak ez dituzte oraindik aurkitu haien senideek.
Mozioak gogoratzen du frankismoa inposatutako diktadura izan zela, oinarrizko giza eskubideak urratu zituela modu sistematikoan, eta batik bat bestelako ideologia zuten herritarren kontra jo zuela. Hain zuzen, hori izan zen Langraiz Okako zazpi lagunak atxilotzeko eta hiltzeko arrazoia: "Errepublikanoak eta ezkertiarrak zirelako atxilotu zituzten herriko agintari frankistek, eta Arabako Herrialdeko Espetxera eraman zituzten, Gasteizko Bakea kalera. Bertatik atera zituzten erreketeen eta falangisten eskuadroiek eta erail zituzten".
Senideen ekimenez aurkeztu du EH Bilduk mozio bat gaur arratsaldean egingo duten udalbatzan eztabaidatzeko. Herriko kaleetan plaka bat jartzeko eskatzen dute, Iruña Okan frankismoak eragindako biktima guztiak oroitzeko eta aipatu zazpi langraiztarren izenak jasotzea.