Munduko Nekazaritza Ondarea izendatu dute Gatz Harana

Erredakzioa 2017ko aza. 24a, 10:22

Gatz Harana Munduko Nekazaritza Ondare izendatu dute. PHOT.OK

Munduko Nekazaritza Ondarea izendatu du Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) Añanako Gatz Harana.

2002. urtean sortu zituen FAOk Nekazal Munduko Ondarea izendapenak, antzinako nekazaritza sistemak babesteko. Izendapenak nazioarte mailako garrantzia du eta helburuen artean nekazaritza iraunkorra  eta tokiko komunitateen garapena laguntzea ditu. Gesaltza-Añanako Gatz Harana eta Malagako (Espainia) Axarquiako moskatel mahaspasak izendatu zituzten atzo Munduko Nekazal Ondarearen parte. Europan izendapena hori duten herrialde bakarrak dira Euskal Herriko Gatz Harana eta Espainiako Axarquia.

Mauro Agnoletti FAOko ordezkariak, Florentziako Unibertsitateko irakasleak, Gatz Harana iragan asteburuan bisitatu zuen, eta gatza ekoizten den beste 75 herrialdeetan parekorik ikusi ez duela esan zuen: "Gatz Harana bakarra eta apartekoa da", nabarmendu zuen. FAOko batzorde zientifikoa Erroman bildu zen atzo, Agnolettiren txostena aztertzeko. Gatz Haranaren hautagaitza Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak eta Gatz Harana Fundazioak bultzatu zuten.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak adierazi duenez, saria "6.000 urte baino gehiagotan bizirik mantendu duten gatz-ekoizleen meritua da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago