Jay McCarthy nagusitu da Gaubeako esprintean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 4a, 20:40

Bora-Hansgrohe taldeko txirrindulari australiarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Uribarri Gaubean; ostiralean itzuliko da lasterketa Arabara.

Egun batez traktoreen tokia hartu dute txirringek Añanan. 184 kilometroko etapa izan da gaurkoa, Bermeon (Bizkaia) hasita eta Gaubean bukatuta. Eguerdia pasata atera dira txirrindulariak kostaldetik, eta 17:30ak aldera sartu dira Uribarri Gaubean, esprintean. Ez du irabazi faborito nagusiak, Michael Matthewsek (Sunweb), haren herrikide Jay McCarthyk baizik (Bora-Hansgrohe). Aleksandr Riabuxenko (UAE) eta Michal Kwiatkowski (Sky) sailkatu dira bigarren eta hirugarren. Esprinta espero zen, eta hala izan da.

McCarthyk esan du "oso pozik" dagoela, eta azaldu duenez "jende askoko esprinean erabaki da gaurko etapa, irabazteko aukera ikusi dut eta taldekideen laguntza izan dut. Gregor Mühlberger azken kilometrotan asko lagundu dit. Badakit erasoa goiz jo dudala baina lehena izan naiz helmuga lerroan".

Sailkapen nagusian ez dago aldaketa handirik: Julian Alaphilippek liderra jarraitzen du eta bihar maillot horia jantziko du berriz. Bigarren eta hirugarren sailkatuak Primoz Roglic eta Gorka Izagirre dira, 8 eta 39 segundutara. Hala ere, Alaphilippek puntutako sailkapeneko buru bezala jarraitzen du, baina dagokion maillot berdea, aurreko egunetan bezala, Roglicek jantziko du bihar, bigarren sailkatua dela eta.

Ostiralean itzuliko da lasterketa Arabara. Gasteiztik aterako da Itzulia, Lautada eta Gorbeialdea zeharkatuko ditu eta Gipuzkoara joko du. Txirrindulariek lan erraza izango dutela ematen du, 500 metroko altitudetik, 110 metrotaraino jaitsiko baitira. Baina, hiru mendate gogor aurkituko dituzte, bigarren mailako bi eta lehen mailako bat. Azken bi mendi gainak oso gertu daude beraz, faboritoen erasoa gauzatzeko momentu aproposa izan daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide