Barrongo urtegiari buruzko parte-hartze prozesuaren lehen emaitzak ostiralean aurkeztuko dituzte

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ira. 20a, 18:09
Azken hilabeteetan hainbat bilkura egin dira Añanan. ALEA

Barrongo urtegiaren inguruko parte-hartze prozesuak urrats garrantzitsua egingo du ostiralean. Eskualdea ureztatzeko beharrei buruzko txosten teknikoak aurkeztuko dituzte, Espejon.

Barrongo urtegiaren beharrari buruz, Arabako Foru Aldundiak finantzatu duen eta Nueva Cultura del Agua fundazioak landu duen lehen txostena ostiralean aurkeztuko dute, Espejoko gizarte etxean, 16:00etatik aurrera. Arabako haranen oraina eta geroa titulupean egingo dira tailer bat eta ondoren eztabaida. Batzar irekia izango da, eta bi dokumentu aurkeztuko dituzte: Arabako Haranen etorkizunaren diagnostiko soziala, eta Ureztatzea hobetzeko eta berritzeko egitasmoari buruzko txosten teknikoa. 

Aldi berean, egun hauetan inkesta bat banatzen ari dira Añana eskualde osoan, herritarrek Barrongo urtegiaren egitasmoaren inguruan duten iritzia ezagutzeko.

Aurretik bildu dira Arabako Diputazioarekin, Erriberagoitia, Lantaron, Gaubea eta Gesaltza-Añanako alkateekin eta tokiko turismo eragileekin; halaber, tokiko nekazariekin eta ganaduzaleekin egon dira. Urtegiaren proiektuarekin konprometituta dauden UAGA sindikatuarekin eta Tumecillo Ureztatzaileen Elkartearekin hitz egin dute batetik, eta, bestetik, lehorreko laboreak dituzten nekazariekin –urtegia behar ez dutenak– eta ekologikoan ari direnekin.

EH Bilduk eta Podemosek foru aurrekontuen negoziazioan proposatu zuten eztabaida eta diagnostiko hori abiatzea, eta EAJk onartu zuen. Hartara, Nueva Cultura del Agua izeneko fundazioari esleitu zion Diputazioak, iragan maiatzean, Barrongo urtegiaren inguruko parte-hartze prozesuaren gidaritza. Dena den, prozesuaren ondorioak eta emaitzak ez dira lotesleak izango.

Erlazionatuak

Barrongo urtegiaren proiektuak piztu du sua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016 urt 27 Añana   Gesaltza-Añana

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide