Udarako planak, Araban

Umeen jolasleku naturala

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abu. 17a, 07:00

Gatz tailerrak antolatzen dituzte Gesaltza Añanan. GATZ HARANA

Dozenaka plan eskaintzen ditu Añanak umeentzat: Gesaltza-Añanan gatzarekin gozatuko dute; Sobrongo harkaitzetan eskalatzen ikasiko dute; Valderejon sai-arreak behatuko dituzte, eta Santa Katalinan, landareen artean, jolasean ibiliko dira.

 

Umeekin disfrutatzeko plan ugari eskaintzen ditu Añana Kuadrillak, eta, bide batez, uda honetan eskualdea gertutik ezagutzeko parada. Añana osatzen duten hamar udalerriak zeharkatuko dituzte plan horietara hurbiltzen diren familiek, eta eskualdearen aniztasunaz eta aberastasun naturalaz gozatuko dute.

Ezinbestez, lehenbiziko plana Gesaltza-Añanako gatz haranean kokatzen da. Bertan gatza egiteko tailerrak eta spa gazia antolatzen dituzte modu ludikoan, ingurune naturala, soziala eta kulturala ezagutarazteko. Gatz haranaren inguruak sakonago ezagutu nahi izanez gero, Gesaltza-Añanatik Caicedo-Yusoko lakura hurbildu daiteke, ordu eta erdiko txango ederra eginez. Euskal Herriko laku natural garrantzitsuenetarikoa da Caicedo-Yuso. 

Gesaltza Añanako gatz harana ur gaziz hornitzen duen bertako diapiroaren muturrean dago lakua. Bertara bisita eginez, aintziraren inguruko mendi hegaletan mota askotariko landaredia ikus daiteke: zurbeltzak eta erkameztiak, eta urarekin lotura duten komunitate oso bitxi batzuk.

Arrastoen bila, lorategian

Añanan umeekin egiteko bigarren plana Badaiako Santa Katalina lorategi botanikora hurbiltzea  da. Trespondeko lorategiak bi aukera eskaintzen ditu botanikaz gozatzeko:  Lorategira bisita librea eta Altxorraren ibilbidea-ren jolasa nahastea da lehena. Amaitu eta gero, umeek diploma bat jasoko dute. Jolasa doakoa da, eta harrera-lekuan dago eskuragai. Bigarrena Landalagun izenekoekintza da; bisita hitzartua da, hamar lagun edo gehiagoko taldeentzat. Bisita eskulan tailer batekin osatu daiteke edo ezti dastatze saio batekin.

Añanako turismo bulegotik umeekin egiteko proposatzen duten beste plan bat kobazulo eremitikoak bisitatzea da. Duela mila urte baino gehiago hasi ziren haitzulo artifizialak eraikitzen, eta oso ohikoak ziren penintsulako iparraldean. Gaubean haitzulo asko daude, baina Tobillasen, Corron eta Pinedon daudenak bisitatzea gomendatzen dute, hauek oso ondo seinaleztatuta daudelako, eta sartzeko errazak direlako.Kobazuloetara joaten diren ibilbideak umeentzat aproposak dira. 

Purongo ibilbidea

Gaubeatik atera gabe, Valderejoko parke naturalean, besteak beste, fauna behatzeko aukera dago. "Bederatzi ibilbideei esker, sai arreak, arrano beltzak, sai zuriak, basakatuak edo mokokerrak ikusi ahal izango dituzte umeek", azaldu dute turismoko arduradunek. Ibilbideen artean, Puron ibaiaren haitzartea zeharkatzen duena gailentzen da. Valderejoko parke naturaleko interpretazio zentrotik has daiteke ibilbidea, Lalastra herrian. Zentro horren aurrez aurre seinale batek adierazten du Puron bidearen abiapuntua. Lalastratik Puronen haizpitartera 5,2 kilometroko distantzia dago, eta zailtasun gutxiko ibilbidea da. Haizpitarte motza baina ederra da; Burgosko Tobalina bailararekin lotzen du Valderejo.

Mendi ibilbidea eta kultura konbinatu nahi dituzten  gurasoentzat, Zanbranan dago aukera: XIII. mendeko Zabalateko gazteluan aplikazio berezi bat dago eta, ginkana baten bidez, gaztelua eta Arabako historia ezagutu daitezke. Gainera, bertatik Gazteluen ibilbidea hartuta, Ozioko gaztelura joan daiteke. Harkaitz banatan kokatutako gune bi dira, Ozio eta Zabalate, ikuspegi ikusgarriekin.

Aukera berriak

Ohiko proposamenez gainera, aukera berriak zabaldu dituzte azken urteetan Kuadrillako turismo enpresek: Lantarongo Sobron abentura eremuan, esate baterako, kayak, stand up paddle, tirolina, paintball, eskalada, eta beste hainbat jarduera praktikatu daitezke; gainera, Sobrongo ferrata bidean umeentzako ibilbide bat egokitu dute. Gaubeako Villamadernen zaldi-eskola dago, eta txangoak antolatzen dituzte. Gesaltza-Añanan seagway batean igota ibilbideak antolatzen dituzte. Pobesen, Elai-Etxeak hegaztien behaketan hasteko eta ezagutza sakontzeko ibilaldiak antolatzen ditu… Aukera anitz publiko ororentzat.

 

Erlazionatuak

BTT ibilbide ugari Angostoko kanpinetik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 abu 11 Añana

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago