Nola lagundu du elkarteak euskara sustatzen?
Guk eraman genituen lehenengo euskarazko liburuak zenbait eskoletako liburutegietara, Gaubeara eta Rivabellosara adibidez. Denetarik antolatu dugu Añanan, txangoak mendira, zinema euskaraz, aldizkaria ere sortu genuen, eta ekintza mordoa eraman ditugu eskoletara: antzerkiak, pailazoak, bertso eskolak... Araban lehenengotarikoak izan gara beste herrietan egun martxan dauden programak antolatzen, adibidez Min-tzalaguna. 40 lagun ibiltzen ginen herri guztietan euskara praktikatzeko.
Euskaltegiak antolatu zenituzten, ezta?
Bai. Garai batean AEK eta IKA ez ziren honaino etortzen; HABEk zortzi lagun eskatzen zituen taldea osatzeko, eta hori ezinezkoa zen Añanako udalerrietan, beraz gu ibiltzen ginen irakasleak bilatzen eta euskara klaseak anto-atzen, Pobesen, Kuartangon, Langraizen... Gainera, lortu genuen euskara klase guztiak dohainik izatea, udalek ordaintzen zituztelako ikasleen matrikulak.
Ekimen ezagunena urtero antolatzen zenuten, Euskara Añanan Mingainean Jaia.
Urtero iraila aldean ospatzen genuen euskararen jaialdi hau, eta urtero herriz aldatzen genuen. Erromeria xumea zen baina familian edo lagunekin euskaraz igande pasa egiteko oso aukera ederra. Añanako herrietako jende mordoak parte hartzen zuen jaian, alderdi politiko guztietako ordezkariak biltzen ziren, eta udalen aldetik laguntza handia jasotzen genuen jaia antolatzeko.
Zer behar da Añanan euskara bultzatzeko?
Laguntza handia behar da, euskara ikasteko, eta euskara erabiltzeko; apenas dago ekimenik euskararen inguruan, eta oinarrizkoa da hori euskara ikusarazteko, Kuadrillan ez da nabaritzen euskara existitzen dela.