Hutsune larriak Garoñako larrialdi planean

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko ots. 4a, 14:32

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak aurkeztu duen azterketaren arabera hutsune larriak ditu Garoñako Larrialdi Planak. Araban Gaubea eta Lantaron daude plan horren baitan.

Azterketaren arabera balizko istripu baten aurrean herritarren ebakuazioa eta konfinamendua ez daude bermatuta. Bestalde ikerketak jasotzen du azken hiru urteetan ez dela taxuzko ariketa eta simulakrorik egin Garoña inguruko udalerrietan. Ezbeharren aurrean herrietan dagoen planifikazioa eta prestakuntza ere oso eskasak direla adierazten dute bildutako datuek eta inkestek. 

Lantaron eta Gaubea dira Araban Garoñako Larrialdi Planaren barruan dauden udalerriak, Burgoseko hamazazpi udalerriekin batera zentral nuklearraren hamar kilometroko eremuan baitaude. Balizko istripu batean udalerri horietan bizi diren lagunek hodei erradioaktiboaren eragin zuzena jasango lukete eta halaber istripuan igorritako material erradioaktiboek herri horietako lurrak eta atmosfera berehala kutsatuko lituzkete. Hartara berehalako babes neurri eraginkorrak eta ziurrak egon behar dira biztanleak babesteko eta osasunerako sortuko diren arriskuak arintzeko. 

Haatik ez da horrela gertatzen. Espainiako Inguru Nuklearren Udalerrien Elkarteak azterketa egiteko eskatu dio Bartzelonako Unibertsitate Autonomoari larrialdi planen eraginkortasunari buruz. Prestatu duten txostenean xehetasunez ikertu dituzte udalerriz udalerri larrialdi planak nola betetzen ari diren, zeintzuk diren gabeziak eta beharrak. Garoñako Larrialdi Planaren eraginkortasuna kolokan jartzen dute bildutako datuek. 

Gainera azken bost urteetan herritarren segurtasuna bermatzearen alde ezer gutxi aurreratu dela jasotzen du txostenak. Izan ere 2011. urtean egin zuten zentral nuklearren larrialdi planen lehenbiziko azterketa eta orduan egindako gomendioak eta proposamenak bete gabe daude oraindik. "Oso gutxi dira azken urteetan egindakoarekin pozik dauden udalerriak, gehienek orduko eskakizunak mantentzen dituzte" jaso du txostenak.

Teorian balizko istripu nuklearraren aurrean udalerri bakoitzak plan bat izan behar du, udalbatzak onartuta, eta horren baitan ardurak banatu behar dira. Halere Garoña inguruko udalerrietan larrialdi planaren ardurak banatu gabe daude eta ez dituzte koordinaziorako bilerak egiten.  

Halaber herritarren konfinamenduan eta ebakuazioan huts egiten dute larrialdi planek. Izan ere ez dago protokolo zehatzik eskolak husteko ezta herrietatik pasatzen diren lagunak (turistak,bisitariak, ehiztariak..) artatzeko ere. Bestalde bizilagunen ebakuazioa egiteko ibilgailuen topalekua zehaztu gabe dago udalerri gehienetan eta ez dago hustu behar diren herrien ezta herritarren zerrenda gaurkotua edo mugikortasun arazoak dituztenena ere.

Planaren arduradunak eta orobat herritarrak balizko istripu baten aurrean prestatzeko ezinbestekoak diren ariketak eta simulakroak ez dira modu planifikatuan eta ordenatuan egiten. Gainera –txostenak dioenez– ariketak egin direnean ez da ebaluazioa burutu.

Larrialdi planaren edukien hedatzeari buruzko azterketa eta planaren kontrola  ozta-ozta gainditu ditu Garoñak. Bartzelonako Unibertsitatearen ikerketak ondorioztatu duenez "interesdunen artean eta herritarren artean larrialdi planaren banaketa gainditu gabeko ikasgaia da". Bestalde azken urteetan plan horretan egin diren aldaketen gaineko kontrol falta dagoela antzeman dute.

Ioduro potasikoko pilulak banatzea aurreikusita dago istripua egonez gero erradiazioaren kalteak arintzeko. Hala ere Garoñako ingurunean gehienbat zerbitzu medikuen eskuetan dago pilulen banaketa eta ikerketaren arabera komeniko litzateke beste aukera batzuk bilatzea.

Zentral nuklearraren larrialdi planak hiru ikasgai bakarrik gainditzen ditu. Baliabide material nahikoa dagoela ikusi dute  nahiz eta mantentzean akatsak topatu eta istripua gertatuz gero herritarrak  ohartarazteko bideak zehaztuta daude. Bestetik informazioaren alorrean hutsuneak antzeman dituzte ez dagoelako arlo honetan arduratzen den inor

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide