Behin baino gehiagotan Kexaan dagoen monumentu multzoa benetako altxor bat dela aipatu dute horren inguruko ezagutza dutenek, baina altxorrek ez dute distirarik ematen ezkutuan geratuz gero. Horretaz jakitun, monumentu multzoa erosi zuenetik, aldundia ahalegindu da Kexaa ezagutarazten, eta horretarako lanak ez dira oztopo izan. Kontrara, azken hilabeteotan teknikariak lanean egon diren bitartean, lehen eskuko azalpenak jasotzeko aukera izan dute bisitariek. Orain, udararekin batera, bisitaldi gidatuen bidez azalpenak jasotzeko aukera zabaldu du beste behin foru erakundeak.
Bisita antzeztuak
Oraingoan, gainera, behin bisita bukatuta, hara hurbiltzen direnek aukera osagarria izango dute multzo historikoan murgiltzeko. Ez dute beharko betaurreko adimendurik, Eskiloren garaietatik datorren errealitatean murgiltzeko modu askoz sinpleagoa erabiliko baitute: bisitaren ostean antzerki emanaldia emango dute uztaileko eta abuztuko ostiraletan. Bisita, berez, ordubete ingurukoa da, eta ostiraletan, antzerki emanaldia aukeratu dutenen kasuan, beste ordu laurden bat gehitu behar zaio iraupen horri. Egun bakoitzeko bi talde izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, ibilbide alderantzizkoekin. Horietan parte hartzeko izena eman beharra dago aldundiaren webgunean dagoen esteka baten bidez, talde bakoitzeko gehienez hamabost lagunek parte hartu ahal izango dutelarik.
Ostiraletan monumentu multzoari buruzko antzezpena ikusi ahalko du bisitariak
Airaraldeko Kuadrillak nabarmendu duenez, ibilbideak monumentu multzoaren eta Aiara Etxearen historiaren arteko "lotura estua ezagutzeko aukera" ematen du. Hala, publikoak familiarekin eta haien erlikiak zaindu zituzten domingotar serorekin lotutako espazioak ezagutuko ditu. Tartean Petri II.a Lopez Aiarakoa eta haren emazte Leonor de Guzmanen hilobia. Hilobi hori zaharberritzen ibili dira azken hilabeteotan aldundiarentzat Petra enpresako kideak, Zaharberrikuntza Zerbitzuaren gidaritzapean. Zeregin horietan zeudela, gainera, hezur arrastoak aurkitu dituzte, baina horien analisiak oraindik ez dira ezagutarazi.