Laudioko Lamuza jauregiak askotariko mozorroak jantzi ditu bere mende eta erdiko historian, baina bitxienetako bat 1918ko uda amaieran gertatu zen. Rusada izeneko festa hartan, ehun eta berrogeita hamar gonbidatuk, errusiar arropa dotoreak jantzita, jauregiko lorategiak eraldatu zituzten, Maria Pilar Landetxo markesaren nahia betez. Lamuza ez baitzen oporraldirako lursail huts bat, botere politiko eta sozialaren agertoki nagusia baizik. Gaur egun, ehun urte geroago, nahikoa da lorategietan barneratzea mende bateko bizipenak berriz ere azaleratzen has daitezen.
Juan Carlos Navarro Laudioko Udaleko langile ohi eta historia zaleak ondo ezagutzen ditu horma horien arteko sekretuak. "Gaur egun parkeak laudioarrentzat duen garrantzia nabarmena da kultura eta aisialdirako topaleku moduan. Baina erabilera publikoko parke gisa izendatu arte, duela 50 urte, hamaika etapa eta gorabehera izan zituen jauregiak, Urkixo markesen eskutik". Kasinoan aste honetan antolatu duten Lamuza parkea: 150 urte jardunaldietan eman du garai horren berri, beste zenbait hizlarirekin batera, herriak gordetzen duen altxorretako bat hobeto ezagutarazteko asmoz.
Jauregiaren benetako eraldaketa urkixotarren hirugarren markesarekin etorri zen, Estanislao Urkixo Ussiarekin, eta batez ere bere emaztearekin, Maria Pilar Landetxorekin. Lamuza aisialdirako gune sofistikatu bihurtu zen harekin. "Jauregiari buruzko solasaldietako batean Ignacio Urkixo Eulate bilobak kontatu zidanez, antolatzaile sena zuen Pilarrek, eta urte osoan zehar Madrilen imaginatzen zituen udako hilabeteetan Laudion antolatuko zituenak", gogoratu du Navarrok. Gaur egun ikus daitezkeen eraikin gehienak ere garai hartakoak dira. Barneko lorategi bat eratu zuten, familiaren txoko kutuna, landare berezi eta kristalezko aretoarekin, eta kasinoa ere eraiki zuten, 1918an, zutaberik gabeko areto zabal batekin, dantzaldi, kontzertu eta banketeetarako. "Markesak ekitaldi desberdinak asmatzen zituen senide eta gonbidatuak entretenitzeko; batzuetan 350 gonbidatu ere elkartzen ziren".

Madrilgo Castellanan ere jauregia eta antzokia zituzten urkixotarrek, eta zaletasun hori Laudiora ekarri zuten. Hango antzokia 1920an inauguratu zuten. Bertan, senideek, seme-alabek eta ilobek obra handien libretoak ikasten zituzten eta euren kabuz antzezten zituzten. "Eta gonbidatu entzutetsuak ere ez ziren falta lorategi horietan, tartean Alfontso XIII.a erregea eta Victoria Eugenia Battenbergekoa erregina, Donostian egingo zuten oporraldira bidean. Botere gune garrantzitsua izaten zen Lamuza udako hilabeteetan".
Navarrok gorde dituen 2.800 argazkiek, horietako asko Ignacio Urkixok utzitakoak, garai bateko distira erakusten dute: Eduardo Dato abokatu eta politikariaren bisitak, frontoi luzean jokatzen ziren erremonte partiduak, 1890eko harrizko harmaila interesgarriarekin, eta familiaren oporraldiak uztailaren erdialdetik irailera arte.
"Botere gune garrantzitsua izaten zen Lamuza udako hilabeteetan"
Juan Carlos Navarro
Baina jauregia ez zen beti horren sofistikatua izan. Lehen markesa, Estanislao Urkixo Landaluze, Murgan jaioa, nekazaritzara bideratutako gune gisa hasi zen Lamuza eraikitzen 1875ean. Txakolin mahatsondoak zituen landatuta lurren erdietan. Bigarren markesak, Juan Manuel Urkixo Urrutiak, izaera hori aldatu zuen. Lorezaintza zale handia zen, eta lorategiak landatzeari ekin zion, mundu osoko zuhaitz exotikoekin; bere emazte Dolores Ussiaren ohorez, esaterako, Urkixoko Markesa izendatu zuen arrosa barietate bat ere sortu zuen. Gaur egun, orduko zenbait espeziek zutik jarraitzen dute, eta Javi Mateo bezalako adituek katalogatu dituzte.
Juan Manuel Urkixo laugarren markesak, berriz, hegaztizaintza zuen zaletasun. Hura izan zen Laudioko oiloaren bultzatzaile nagusia XX. mende hasieran. Lamuza jauregian hautaketa lan zorrotza egin ondoren, inguruko baserrietan jatorria zuen oilo mota hau finkatu zuen, eta nazioarteko erakusketetan ere ezagutarazi zuen. "Beharbada, markesen artean herriarekin lotura handiena izan zuen laugarrenak; gizon herrikoia zen, eta ohikoa zen bere kamerarekin batean eta bestean ikustea".
Milizien kuartela
Garai bateko oparotasun eta festa giro hori guztia, ordea, errotik aldatu zen 1936ko abuztuan. Asier Perez de Eulate historialariak egunotako jardunaldiotan gogoratu duenez, "jauregiak, XIX. mende amaieratik, inguruko botere zentroa zela erakusten zuen", eta jopuntuetako bat zen inguruetan. Gerra Zibila piztean, jauregia eremu errepublikanoan geratu zen, eta berehala konfiskatu zuten miliziek.
"Kuartel bihurtu zuten, Araba batailoiaren egoitza nagusia, eta Daniel Irezabal buruzagia bertan ezarri zen". Hirugarren markesa Madrilen zegoen, baina markesa andrea Laudion harrapatu zuen gerrak. Finkaren administratzailea jauregia defendatzen saiatu zen, eta hilda agertu zen. Jauregia erabat hustu zuten herritarren artean. "Mahaiak, maindireak, baxera... dena eraman zuten", gogoratu du ikertzaileak.

1937ko ekainean Laudio frankisten esku geratu ostean, markesa andrea etxerik etxe joan zen bere gauzak berreskuratzen eta salaketak jartzen. "Purga eta errepresio garaia hasi zen herrian, non bizilagun askok elkar salatu zuten bizirik irauteko". Tragediak, baina, urkixotarren familia osoa ere kolpatu zuen: "Urkixotarrek diruan eta zorigaitzean igeri egin zuten; gerrak semeak kendu zizkien, Madrilen hil baitzituzten, eta markesa bera hiru urtez egon zen kartzelan, 1939ra arte".
Gerra ostean, laugarren markesekin gainbehera hasi zen, eta azkenik, bosgarren markesek lurrak saldu zituzten, 1972an. Lau urte geroago, aldundiaren eskuetara igaro ziren, eta hark udalari utzi zion jauregiaren erabilera. Bosgarren markes hauen amaiera ere tragikoa izan zen: 1980an Madrilen hil zituzten biak.
"Urkixotarrek diruan eta zorigaitzean igeri egin zuten"
Asier Perez de Eulate
Gaur egun, Lamuzako jauregiko hormak kulturaren eta herriaren zerbitzura daude. Behinola erregeak eta politikariak hartu zituzten gela horietan, azken urteotan pintura klaseak, zeramika tailerrak eta musika entseguak egin dira. Ez protestarik gabe, ordea. Parkeko ondare arkitektoniko eta historikoaren gainbehera gelditzeko, SOS Lamuza plataforma sortu zuten 2013an, erakundeen utzikeriaren aurrean eraikin enblematikoak erortzeko zorian zeudelako. Plataformak lortu zuen gaia agenda politikoan jartzea, eta, horri esker, azken urteotan inbertsio garrantzitsuak egin dira.
Urtez urte, herriaren kronika idatzi du Lamuzak, eta idazten jarraitu ahal izateko oroitzapen horiek guztiak herritarrekin partekatzeko aukera du egunotan Kasinoan antolatu dituzten jardunaldietan. Asteburuan ere izango da hitzordurik horretarako. Hitzaldiekin batera, parkea ezagutzeko bisitaldi antzeztuak egingo dituzte larunbat eta igandean, euskaraz, 10:00etan eta 12:30ean.