Udalak "ekimen politiko bati" egotzi dio EH Bilduk eskatutako auditoria

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 10a

Udalerriko garbiketa zerbitzua berrantolatzen ari da Amurrio. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Amurrioko gobernu taldeak erantzun du udalaren jardueraren kontrol mekanismoek "normaltasunez" funtzionatzen dutela.

Amurrioko udalak "ekimen politiko baten barruan" kokatu du EH Bilduk asteazkenean udal kontuetarako eskatu duen auditoria, eskariak "behar tekniko bati" ez diola erantzuten iritzita. Gaur zabaldutako ohar batean, EAJ eta PSE alderdiek osatutako gobernu taldeak babestu du udalaren kontrol eta fiskalizazio mekanismoek "normaltasunez" funtzionatzen dutela.

Azken bost urteetan egindako kontratuen kanpoko ikuskaritza bat eskatuz EH Bilduk egin duen proposamena "testuinguruan" jarri nahi duela dio udalak, fiskalizazio mekanismoen "ohiko funtzionamendua azalduz".

Kontu hartzaileak 2025eko jarduerari buruz jarritako erreparoen inguruan udalak argudiatu duenez, bertan aipatzen den eragozpen nagusia garbiketa zerbitzuaren berrantolatzeari dagokio. Garbiketa hori desgaitasuna duten pertsonak kontratatzen dituen INDESAren bidez eginez, "osagai sozial handiagokoa" den eredu publiko baten alde egin nahi izan du udalak. "Prozesu horrek irtenbide iragankorrak behar izan ditu, ereduaren aldaketa osatzen zen bitartean zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko, eta testuinguru horretan kokatzen da eragozpen hori", azaldu dute.

Gogora ekarri dute Herri Kontuen Euskal Epaitegiak udala fiskalizatu berri duela "ohiko prozeduren" barruan. Udalak dioenez, "deigarria da Amurriora eramatea beste udalerri batzuetan izaten ari diren eztabaidak, gure udalaren errealitate zehatzean zentratu beharrean". 
  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago