Mozio bat aurkeztu du EH Bilduk Amurrioko udaleko azken bost urteetako kontratuen kanpo auditoria independiente bat eskatuz. Auditoria ekaina amaiera baino lehen esleituta izatea nahi du EH Bilduk, "kudeaketa publikoa hobetzeko neurriak lehenbaitlehen martxan jarri ahal izateko".
EH Bilduk azaldu duenez, kontu hartzaileak iragan urteko kontratazioen inguruan hainbat erreparo txostenak egin ditu; "eta ez dira bakarrak". Hori dela eta, EH Bilduk nahi du kontratazio horiek aztertu eta argitzea "eta udal kontratazioa hobetzeko tresnak izatea".
Jon Berganza Urruela Amurrioko EH Bilduko bozeramaleak adierazi duenez, legegintzaldi osoan zehar kontratazioen inguruko hainbat txosten aurkeztu badira ere, 2025eko kontratazioaren inguruan jaso den txostenak 200.000 eurotik gorako erreparoak jasotzen ditu, eta hori "akats puntuala baino gehiago" dela esan du.
Are gehiago, Urruelaren esanetan, 2024ko maiatzean zuzenean esleitu zen kontratu bakarrarengatik 117.490 euro ordaindu ziren fakturen bidez urte eta erdian, legearen arabera, kontratu mota horretarako urtebeteko epean ezin direnean 15.000 euro baino gehiago ordaindu.
"Kasu hau ez da isolatua", azpimarratu du EH Bilduk, eta azaldu du 2021, 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetan kontu hartzaileak abisua eman duela zerbitzu berdinarengatik enpresa berdinera zuzenean esleitu diren kontratuek 15.000 euroko langa gainditu dutelako, eta 2026 urterako neurriak hartzea eskatu dituela.