301 kaleratze iragarri ditu Tubos Reunidosek

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 9a

Tubos Reunidoseko piketea gaur goizean. Argazkia: AIARALDEA ATARIA

Kaleratzeen aurka, lanuztea egiten ari dira langileak, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Amurrio eta Trapagaraneko lantegietako batzordeekin bildu da gaur goizean Tubos Reunidoseko zuzendaritza, konpainiaren bideragarritasun plana aurkezteko. Enpresak duela hamar egun iragarritako erregulazio espedientea abiatuko duela berretsi du, eta bi lantegietako 1.300 beharginetatik 301 laguni eragingo diela. Sindikatuekin egindako lehen bilera honekin batera, greba eguna deitu dute Amurrion.

Zehaztu diren datuen arabera, kaleratzeak modu progresiboan eta "ez-traumatikoan" egiten saiatuko da enpresa. Azaldu dutenez, kaltetutako 301 langileetatik, 214 finkoak dira eta 87 behin behinekoak. Zuzendaritzak adierazi du prozesu honekin batera "hornitzaile lehiakorrak" bilatzeko bideari ekingo diotela, ekoizpen kostuak doitzeko eta konpainiaren biziraupena bermatzeko helburuarekin.

Konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) helarazitako bideragarritasun plana hiru zutabetan oinarritzen da: merkataritza dibertsifikatzea, zorra kitatzea eta kostuak murriztea. Azken puntu horrek dakar neurririk gogorrena, Amurrioko altzairutegiaren jarduera pixkanaka etetea eta lehengaien elaborazioa kanporatzea ekarriko baitu. Zuzendaritzaren arabera, akordioa "lehenbailehen" lortzea ezinbestekoa da enpresaren biziraupenerako; ohartarazi dutenez, adostasunik ezean, neurri are "larriagoak" hartu beharko lituzkete konpainiaren jarraitutasuna arriskuan ez jartzeko.

Bien bitartean, goizetik dozenaka langilek elkarretaratzea egin dute Amurrioko lantegiaren aurrean, Kaleratzerik ez, ERErik ez dioen pankarta batekin.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Aiaraldea (@aiaraldea.eus)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago