Tubos Reunidosek bilera batera deitu ditu datorren otsailaren 9an Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa batzordeak, bideragarritasun planaren neurriak aurkeztu eta azaltzeko. Plan horrek enplegu erregulazioko espediente bat aurreikusten duela iragarri du enpresak ohar batean. Arrazoia "egoera ekonomiko konplexua eta merkatuen egungo nazioarteko testuingurua" da.
Aiaraldea.eus-ek jaso duenez, gaur goizean bilera izan du enpresak Amurrioko langileekin eta kaleratze kolektiboak egin nahi dituela eta lan baldintzen funtsezko aldaketak ere egin nahi dituela azaldu die. Sindikatuek jada aurreratu dute ez dutela lanaren suntsiketarik onartuko.