Okondo izango da Aiaraldeko Euskararen Egunaren epizentroa aurten. Azaroaren 30ean egun osoko festa antolatu dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Okondoko euskaltzaleek elkarlanean. Eskualde osoko herritarrei luzatu diete bertaratzeko gonbita. Euskalgintza Kontseiluak 2016an Amurrion abiatutako ibilbideari nolabaiteko amaiera emango dio Okondon azaroaren 30ean ospatuko duten jai egunarekin. "2016an aterkipean abiatu ginen eskualdea euskararen hariarekin jostera. Hamargarrenez ospatuko dugu elkarrekin Euskararen Eguna, etapa baten azken geltokira iritsi gara", adierazi dute Okondon egindako aurkezpen ekitaldian.