Frankismoa

"Barneratuta nuen debekua: non euskaraz egin eta non ez"

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 19a

Mertxe Eskuza Barandiaran, Laudioko eliza atarian. Argazkia: ALEA

Amarengandik jaso zuen euskara Mertxe Eskuzak, baina frankismoaren zapalketaren aurrean, etxean bakarrik gorde zuten hizkuntza. Gaur egun, oraindik, debeku horren zama gainean daramala kontatu du.

Frankismoa aipatu orduko, euskara datorkio gogora Mertxe Eskuzari (Laudio, 1941). Kalean debekatuta zutena, etxean bizirik mantendu zuten gurasoek esfortzu handiarekin. Amarengandik jaso zuen, eta aita "burugogor" tematu zen baserrian euskara gordetzen, bera euskal hiztuna ez bazen ere. Gaur egun, harro begiratzen dio erabaki hari, euskara gorde izanari, eta semea edota bilobekin egiten du. Elkarrizketa euskaraz egin ahal izateaz ere pozik. Errepresio haren itzala, baina, oraindik ondo barruan gordeta daramala kontatu dio ALEAri, hunkituta.

Azaroaren 20an 50 urte beteko dira Franco hil zela. Zer datorkizu burura frankismoa aipatzean?

Debekua. Familian euskara eta erdara ikasi genituen. Ama Zeanurikoa zen, eta aita Laudiokoa, eta hizkuntza bietan egiten genuen. Baina nik ez nuen ulertzen zergatik egon behar zen debekatuta hizkuntza bat. Honekin erdaraz egin behar genuen, eta beste harekin euskaraz. Etxean euskaraz egin behar zen, eta kalean erdaraz. Herrian ez zen euskaraz egiten; norbaitek jakinda ere, ez zuen euskaraz egiten, beldurragatik. Arabako mugan azkena zen gure baserria, Orozkorekin mugan. Orozko euskalduna zen, eta Laudio ez. Nola ulertzen da hori? Ume txiki batek ez du hori ulertzen. Eta atzetik datorren jendeak ere ez du ulertzen zeinen gogorra izan zen hori.

Amarekin egiten zenuen euskaraz?

Eta aita eta nebarekin. Aitak ulertu egiten zuen, hitz egin ez arren. Hitz solte batzuk bakarrik zekizkien: mahaia, aulkia, horma... Eta ulertzen ez bazuen, amari galdetzen zion ea zer esan genuen. Berak erdaraz egin, eta guk euskaraz egin behar genion. Okerra zen egoera. Aita Zolloko urtegira joan zen lanera, eta han bizkaitar eta gipuzkoarrekin lan egin behar izan zuen. Orduan konturatu zen besteak ez zituela ulertzen, beste hizkuntza bat hitz egiten zutela handik, gaizki pasatu zuen, eta pentsatu zuen berak egunen batean seme-alabak izango bazituen derrigor hura ikasi beharko zutela, eta derrigor hura ikasi genuen; beharbada ez dauka garrantziarik istorio honek, baina nire ustez sustraia da, nik gaur euskara jakitearen arrazoia. Etxean, gainera, neska bat izan genuen gu zaintzeko, gurasoek baserriko lanak egin bitartean, eta harekin ere euskaraz egiten genuen; berak ere derrigor euskaraz bakarrik egin behar zuen.

"Beldurra barruan zegoen, eta oraindik ez gara osatu; lasaitu da, baina zauria hor dago"

Eta herrian gaztelaniaz?

Herrian erdaraz egiten genuen. Euskaraz hitz erdirik ez. Beharbada egongo zen Orozko aldeko norbait euskara zekiena, baina kalean ez zen entzuten, debekatuta zegoen. Eta nik ondo barneratuta nuen debekua: norekin egin eta norekin ez. Urteetan, geroago ere, barneratuta eduki dut. Pentsa, jende askok ez du jakin euskara nekienik orain dela gutxi arte. Omenaldia egin zidaten herrian 2017an, Euskal Jaia zela eta, eta orduan jakin zuten batzuek. Jendea harrituta gerturatu zitzaidan... Eta gogoan dut ni baino hamar bat urte gazteagoa den gizon bat etorri zitzaidala, laudioar bat, besarkatu eta negarrez; esan zidan bere amak euskaraz bazekiela, eta berak ez. Gure garaian kontuan izan behar genuen non ari ginen hizketan eta norekin ari ginen. Harekin bai eta harekin ez. "Aita, Txominek badaki euskaraz. Egin dezaket berarekin? Horrekin ez", esaten zidan aitak, frankista zelakoan. Debekuak batean eta bestean. Guretzat ez zen erraza. Kalera zer nolako arroparekin ateratzen ginen ere kontuan izan behar genuen. Ikurrinaren kolorerik ez; krabelin gorriak zituen soineko zuria janzten banuen, elastiko berderik ez. Gogoan dut debeku hori nebak ere azpimarratu zidala soldaduskatik etorri zenean, 1967an, zaindu behar nuela zer janzten nuen, ordura arte horrela egin izan ez banu bezala... Debekuak oso barneratuta izan ditut.

Zuen amak hitz egiten zuen bere haurtzaroaz?

Bai, kontatzen zuen. Berak euskaraz bakarrik zekien eta esaten zuen Zeanuriko eskolan maisuei ez ziela ezer ulertzen. Hamahiru urterekin etorri zen Laudiora, eta herri erdaldun bat topatu zuen. Oso gogorra izan zen berarentzat ere. Ikasi behar izan zuen. Eta urteak pasata, Laudion berdin segitzen dugu, euskara ez dugu entzuten, oso gutxi. Gazteen artean zeozer, baina gutxi; jakin badakite, baina ez dute egiten.

Eskola garaia nola gogoratzen duzu?

Oso gogorra izan zen. Frankista erabatekoa. Militarren alabekin ibili nintzen. Cara al sol egunero derrigor abestu behar zen, bandera atera, eta ondoren jaso.

Euskaraz irakurtzen ikasi zenuen?

Gutxi. Lasai lasai moldatzen naiz. Semeak asko lagundu dit horretan. Eskolako lanekin etortzen zenean, noizean behin hiztegia begiratu behar zen eta... Baina, batez ere, irratiak lagundu dit asko. Lehenago irratirik ez genuen, pentsa etxera ekarri zutenean! Eta, ostean, Euskal Telebista; baina ni irratiarekin hobeto moldatzen naiz, Bizkaia Irratiarekin, bizkaieraz egiten dutelako, hobeto ulertzen dut batua baino. Begoñatik egunero egiten duten meza entzuten dut, eta ez bereziki sinestuna naizelako, baina abadeek oso ondo egiten dute euskara, eta horrek asko lagundu dit. Beti topatzen dut hitzen bat, zeozer... Euskara batua ulertu egiten dut, baina gero ez dakit berba egiten. Nik nire bizkaiera egiten dut, eta listo. Eta eskerrak kontserbatu dudan; txikitan ikasitakoarekin jarraitu ez banu, gaur ahaztuta edukiko nuke. Garai batean, entzuten nituen hitzekin zerrenda bat ere egin nuen, erdarazko esanahiarekin. Beste ikasketarik egiteko ez dut astirik, gero, etxean bat zaindu, bestea zaindu... Eskola amaituta, Bilbon egon nintzen josten ikasten, eta gero baserrian ere josten ibili nintzen.

2017an omenaldia egin zioten Mertxe Eskuzari Laudion; ohorezko makila jaso zuen Euskal Jaian.  Argazkia: AIARALDEA ATARIA

Zeinekin egiten duzu euskaraz gaur egun?

Semearekin, batik bat. Eta bilobekin ere euskaraz, tarteka... Eta ez dira ikastolara joan, eskola publikora baizik. Euskara eskolan debekatuta egon ostean, bat-batean denak ikastolara? Ezta pentsatu ere. Guk publikoan egin genuen eta haiek ere hor ikasiko zuten. Bestelakoan, lagunekin erdaraz egiten dut. Tristea da, nire lagunek ez dakite euskaraz eta beren amek bai, bata Orozkokoa eta bestea Bakiokoa, baina ez dute ezer ikasi...

Eskolatik kanpo, aisialdia nolakoa izaten zen?

Hamabi urterekin aitak Gorbeiara eraman ninduen. Behorrak zituen han, eta San Inazio egunean jendea hara joaten zen ganadua ikustera, erromeriara. Heldu ginen hara, eta den-dena euskaraz... oraindik emozionatu egiten naiz gogoratzen dudanean. Nolako poza! Ez baduzu hori bizi, ezin da ulertu. Gu normalean baserrian ibiltzen ginen, Erkitza baserrian, eta inguruan ez genuen inor; horrek ere babestu zuen euskara modu batean. Murueta inguruko baserrietan euskaraz egiten genuen, baina kalean beste ume batzuekin elkartzen ginenean, erdaraz.

Franco hil zen eguna gogoratzen duzu?

Gogoratzen dut, bai. Franco hil zenean, etorriko zenaren beldur nintzen, egia esan.... "Ea zer datorren orain, zer gertatuko da", pentsatzen nuen. Edozer espero nuen. Bestalde, nik beti esan dut Franco ez zela egon hemen euskara debekatzen, auzokoak egon ziren debeku hori betearazten. Beldurra barruan zegoen. Eta oraindik uste dut ez garela osatu. Nire belaunaldikoez ari naiz. Gaztetan gertatzen zaizuna normalean barruan geratzen da, ezta? Oraingo gauzak ahazten zaizkizu, beharbada, baina ordukoa ez. Hori ondo gogoratzen da. Hemen, kalte asko egin da. Lasaitu da, baina barruan dago zauria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago