Aste batzuk baino ez direnean falta jai giroak Laudioko kaleak hartzeko eta Sanrokeak 2025 jaietan murgiltzeko, Laudioko Udalak iragarri du ArteOn abesbatzako gazteek irakurriko dutela aurtengo pregoia eta txupinazoa Baldarrak kuadrillak piztuko duela.
Abuztuaren 15etik 17ra eta 27tik 31ra bitartean izanen dira jaiak. "Aurten gure gazteen ahotsak izango ditugu jaietako mezua zabaltzen, eta Baldarrak kuadrillak jaiak piztuko ditu hurrengo egunean txupinarekin. Beti bezala, lan taldeak aukeratutakoak izan dira", argitu du Jaietako zinegotzi Sonia Respaldizak.
Aurtengo Sanrokeek badute kartela ere, Laudio hortxe dago... festa hastear da! irudia, Favio Caceres laudioarrarena. Oraingo honetan, herri prozesuan 300 pertsonak eman dute botoa eta lan irabazleak 212 boto jaso ditu. Umeen lehiaketari dagokionez, jai egitarauaren kontrazalean egongo den irudia Izadi Rojoren Festak izango da, botoen %21a eskuratu duena.
Erritmoak gustu eta adin guztietarako
Halaber, aurten, lehen aldiz, laudioarrek Sanrokeen musika taldeak aukeratu ahal izan dituzte. Laudioarrek jaietako lehen larunbaterako, abuztuaren 16rako, San Roke egunerako, Chambao taldea izango dute; San Rokezar egunean, Su Ta Gar talde euskalduna, abuztuaren 28an Soziedad Alkoholika Gasteizko thrash metal eta hardcore punk taldea izango da herrian, eta abuztuaren 29an Bulego taldea. "Bigarren urtez jarraian lortu dugu eskenatokian emakumeak eta talde euskaldunak egotea", zehaztu du zinegotziak.
Berrikuntzen artean nerabeentzat zuzendutako kontzertu gehiago izango dira, eta pertsona nagusiek dantzaldiak izango dituzte arratsaldero.
Umeak Sanrokeen protagonistak
Herriko txikienentzako ere berrikuntzak dakartza aurtengo programak; puzgarri, tailer eta hainbat ekintzekin gazteen egunean. "Goizetik gauera arte hainbat ekintza izango dituzte eurentzat, jaiak guztionak direlako", gogoratu du Respaldizak. Gauzak horrela, eta herri girotzeko, egun guztietan zehar buruhandiak izango dira, Aretakoak barne, txikiek gozatu ahal izateko. Horrez gain, eta nerabeen eskakizunak betez, orientazio jokoak antolatuko dira ere.
Nazioarteko presentzia
Nahiz eta jai giroa herriko txistu, trikitixa, dultzainero eta abarrekin ziurtatuta egongo den, aurtengo Sanrokeak nazioarteko presentzia izango dute ere castells eta fadoen erakustaldiarekin abuztuaren 16an.
Horrez gain, abuztuaren 23ko lehiaketa gastronomikoez gain, autoen maitaleek hitzordu bat izango dute Zumalakarregin arratsaldeko 16:00etan, ibilgailu klasikoen eta kirol ibilgailuen kale agerraldiarekin, San Roke Racing elkarteak antolatua.
Jarduera herrikoiek beren protagonismoa izaten jarraituko dute: 29an Baserritarraren Eguna egingo da, eta hurrengo egunean odolki ospetsuek beren usaina zabalduko dute Laudioko kaleetan zehar. Herri kirolak, espezialitate ezberdinetako lehiaketa gastronomikoak eta txapelketa tradizionalak ere ez dira faltako; ezta kuadrillek antolatutako ekintzak ere.
"Gure jaiak inklusiboak, irisgarriak, berdintasunezkoak, parte hartzaileak eta batez ere errespetuzkoak eta toleranteak dira; espero dugu gure herritarrek, eta bisitatzen gaituztenek ere hala bizitzea", esan du Ainize Gastaka Laudioko alkateak.
Indarkeria sexistarik gabeko jaien alde
Jaiak edozein motatako indarkeriarik gabeko guneak izan daitezen hainbat karpa informatibo jarriko dira Batzalarrin kalean: abuztuaren 15ean (19:00etatik 23:00etara), eta abuztuaren 28, 29, eta 30ean (22:00etatik 02:00etara). Bertan, genero eta sexualitate gaietan aditu diren profesionalek izango dira eraso matxista edo LGTBIQ+fobikoen aurrean babes fisikoa, laguntza psikologikoa edota aholkularitza juridikoa emateko.
Era berean, informazio eta sentsibilizazio gune zabal bat egongo da eskuragarri. Sexualitateari buruzko galdetegiak, aholkularitza pertsonalizatua eta parte hartzaileentzako opari erotikoak banatuko dira, pertsona guztientzat egokiak eta erabilgarriak izateko pentsatuak. "Herriko jaiak guztiontzat seguruak, askeak eta parekideak izateko lanean jarraituko dugu", esan du Respaldizak.