Laudioko jaietan, abuztuaren 16, 17 eta 28an, izango diren musika taldeak herritarrek aukeratu dituzte bozketa bidez. Zehazki, 1.041 boto jaso dira guztira. "Oso emaitza pozgarria da, parte hartze handia eman delako. Laudion herriko jaiekiko dagoen interes handiaren erakusle dira datuak; gainera, eszenatokian emakumeak eta talde euskaldunak egotea bermatu da", esan du Sonia Respaldiza jaietako zinegotziak.
Bozketan lortutako emaitzak positiboak izan badira ere, prozesua abiatu zenetik, sareetan topatutako eduki batzuk alarmak piztu zituen herriko hainbat mugimendu eta eragileengan; zehazki abuztuaren 28rako ateratako musika taldearekin. "Herritarren babesa eta iritzia geure lanaren erdigunean dago, eta kezka hau sortu izanak prozesua moteldu du. Parekidetasun eta berdintasunaren aldeko pausuak ematen jarraituko dugu; hori dela eta bozkatuen izan den bigarren aukera lehenetsiko da, hala adostu delako ere jaietako lan taldearekin baita herriko eragileekin ere", zehaztu du zinegotziak. Edozein kasutan, Kuadrillen eguneko kontzertua ez dute argitaratuko ekainera arte.
Jaietako lehen larunbaterako, abuztuaren 16rako, San Roke egunerako, La Mari buru duen Chambao taldea aukeratu dute, proposatutako bost aukeren artean bozkatuena. Eta hurrengo egunean, San Rokezar egunean, Su Ta Gar talde euskalduna igoko da Zumalakarregiko eszenatokira. Horrekin batera, Laudioko Udalak 29rako, Baserritarren egunean, Bulego taldea lotu du, jai batzorde irekiak aukeratu duena, eta herri bozketan ere harrera ona izan duena.