Aurtengo Euskarazen ekitaldiaren amaieran, lekukoa Amurrioko Aresketa ikastolari pasa diote, ikastola horren alde egingo baitute datorren urteko hitzordua. Ikastolek adierazki dute azken lau urteetan bezala Arabako zortzi ikastolen arteko elkarlanarekin antolatuko dela. Aresketa ikastolako ordezkariek "ilusioz" hartu dute erronka, eta dagoeneko lanean hasiko direla iragarri dute.
Antolatzaileek nabarmendu dute Armentia, Mendizorrotza eta Prado parkea ikastolazale eta euskaltzalez bete direla atzoko ospakizunean, zortzi ikastolen eta ehunka boluntarioren auzolanari eta elkarlanari esker, "egun borobila eskainiz". Azken orduko leku aldaketa tarteko, azpimarratu dute egitarau zabal eta askotarikoari eutsi ahal izan zaiola.
Araba Euskaraz kultur elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek azpimarratu du prestakuntzaren atzean dagoen lana: "Norbanako, eragile eta erakundeen erantzun azkarrak hunkitu egin gaitu". Bastida ikastolaren 45 urteko ibilbidea goraipatu du, euskarazko hezkuntza eta lurrarekiko lotura sustatzen duen "eredu" gisa. "Euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, elkarlana da bidea, guztion inplikazioarekin".
Jaiak Karmele Jaio idazle gasteiztarra omendu du, euskararen eta euskal kulturaren aldeko "militantziagatik". Jaiok euskararen alde lanean diharduten guztiekin partekatu du aitortza, eta euskararentzako espazio "fisiko zein sinbolikoak" aldarrikatu ditu. "Euskara ez da dugun zerbait, garen zerbait da", nabarmendu du, hizkuntzaren historia eta testuingurua transmititzearen garrantzia azpimarratuz.