Arabako Foru Aldundiak 83.266 euroko aurrekontua bideratu du Unginoko urmael txikiak (Ungino 1 eta Ungino 2) egokitzeko eta aldaketa klimatikoaren aurrean anfibioentzako aterpe izan daitezen bermatzeko. Izan ere, arrazoi ugari medio, anfibioek gainbehera handia izan dute munduan, eta zenbait espezieren populazioak nabarmen jaitsi dira 80eko hamarkadaren amaieratik. Aranzadi zientzia elkarteari esleitu diote lana, eta bi hilabeteko epea du egiteko.
Jakina denez, hezeguneek berebiziko garrantzia dute anfibioen biziraupenean, eta lurreko habitatentzako klima arriskuaren kalkuluaren arabera, Gorobelen inguruaren %88 klima aldaketaren eraginpean dago eta klima arrisku handia du. Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak jaso duenez, "aurreikuspen horien aurrean, beharrezkoa da Unginoko aintzira sistema hobetzea, sistema erdi iraunkor bihur dadin. Horri esker, anfibio espezieak ezarri ahal izango lirateke, eta hori da, hain zuzen, Gorobel mendilerroko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio neurrietan jasotako helburu orokorretako bat".
Ura ezin eutsi
Kokapena eta azalera kontuan hartuta, Unginoko hezegune txikiak Gorobel mendilerroko hezegune garrantzitsuenetako bat dira, baina ura eusteko arazoak dituzte eta lehorteen aurrean oso kalteberak dira. "Ura biltzeko gaitasun handia dute, baina iturburu iraunkorrik ez dutenez, eta, batez ere, ura ezin dutenez eutsi, ezin dituzte beste putzu batzuetan dauden anfibio espezieek kolonizatu, hala nola Unginoko eskaileratxoetako urmaelak".
"Ura biltzeko gaitasun handia dute, baina iturburu iraunkorrik ez"
Hortaz, batetik, hezeguneak ura atxikitzeko duen gaitasuna handituko du Aranzadik, sistema erdi iraunkorra eraikiz, anfibioei egokitua. Bestetik, ura dagoen eremuetara ganaduaren sarbidea mugatuko dute "inpaktu negatiboak saihestuz", eta askak eraikiko dira behiek eta zaldiek edan ahal izateko. Izan ere, aintzira sistema egonkortzeko aldundiak egingo dituen jarduketak bateragarri egin nahi ditu abeltzaintzaren erabilera eta faunaren eta hegaztien, bereziki sai arrearen, babesa.
Espezie ugari
Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuak egiten duen anfibioen jarraipenaren arabera, Unginon anfibio espezie ugari daude: Arrabio arrunta (Salamandra salamandra), uhandre alpinoa (Ichthyosaura alpestris), hirusta palmatua (Lissotriton helveticus), txantxiku arrunta (Alytes obstetricans); eta baso igel gorria (Rana temporaria).
Guztira 3.500 metro koadroko azalera dute Unginoko hezeguneek
Aldundiaren zerbitzuaren txostenaren arabera, gainera, Unginoko hezeguneen inguruan bizi diren hainbat lepidopteroren biziraupena ere arriskuan jar dezake aldaketa klimatikoak: Apolo tximeleta (Parnassius apollo) eta Phengaris arion, besteak beste. Halaber, gaur egun mendi-tuntuna (Prunella collaris), harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis) eta mendi txirta (Anthus spinoletta) hegaztien kontserbazio egoera aztertzen ari dira, desagertu egin direla uste baita.
Bi baltsa
Unginoko aintzira eremua Gorobel mendilerroaren iparraldean dago, Ungino mendiaren mendebaldean, tontor horretarantz igotzen den hegal baten oinarrian, Unginoko Zelaia izeneko lekuan. Mendebaldean, Eskutxi mendira igotzen da, eta hegoalderantz, El Somo mendira igotzen den beste hegal bat dago. Gailur horiek guztiek 1.099 eta 1.185 arteko altuerak dituzte, eta aintzirak 1.026 metroko kotan daude. Eremu osoa Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatuta dago.
Hezeguneak hartzen duen eremua aipatutako hiru hegalen elkargunean dago, iparraldera begira dagoen ubide heze batean, eta euri eta laino handiak jaso ditzake. Kokapen horrek ura metatzea eta jariatzea errazten du. Ura hegal horietatik Unginoko aintzira konplexura isurtzen da, eta guztira 3.500 metro koadroko azalera du. Bi hezegunetan banatuta dago eremua. Goialdean dagoen baltsak hiru ur ekarpen nagusi ditu, eta 1.000 metro koadro inguruko azalera. Bigarren hezeguneak, berriz, 1.300 metro koadroko azalera du.