Apirilaren 2an Donald Trumpek iragarritako muga zerga berriek –90 egunez eten egin ditu zergak– 400 milioi euro baino gehiagoko kaltea eragin diezaieke esportazioei, Jaurlaritzaren arabera. Elikagaiei kalte nabarmena egingo diela aurreikusten dute, besteak beste ardoari, eta Amurrioko Artomaña upategian kezkaz hartu dute neurria. AEBetan txakolina saltzen hogei urte baino gehiago daramatela gogoratu du Mariano Alava upategiko gerenteak.
Nola jaso duzue upategian arantzelen inguruko albistea?
Hauteskunde garaian hala iragarri zuen Trumpek, AEBetako "gaitz guztiak" sendatuko omen zituen zerga muga berriekin, beraz, gertatuko zela bagenekien. Nola gertatuko zen, ordea, zain egon gara, aurreko batean ere igo zizkigulako arantzelak, baina letra txikia irakurrita graduazio mailagatik salbuetsita geratzen ziren ardo ugari. Oraingoan ere letra txikiaren zain gaude; %200eko arantzela jartzeko aukera ere aipatu zuen aurreko batean ahoberoak, eta jota utzi gintuen, hausnarketa handiegirik gabeko erabakiak hartzen dituelako, baina ikusiko dugu...
Esportazioek eutsi diezaiokete iragarritako %20ko muga zergari?
Egia esan, sektorean egoera gaizki dago. Ikusten ari gara azken urteetan pixkanaka jaisten ari dela ardoaren kontsumoa, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, osasun arrazoiengatik edo gazteek beste edari alternatibo batzuk kontsumitzen dituztelako. Bestalde, Europako araudiek ere kalte handia egingo diote, etiketetan gero eta warning abisu gehiago izango direlako, ardoaren kontsumoak eragin ditzakeen kalteak edozein destilaturen kontsumoarekin parekatzeraino, gradu aldea nabarmena bada ere. Eta alerta horiekin ere, jakina, atzera egingo dute askok. Beraz, horri guztiari halako muga zergak gehitzen badizkiogu, guk zerikusirik ez dugun gerra komertzial batengatik, zera... Halere, ohituta gaude batetik eta bestetik kolpeak jasotzen, eta, esan ohi den bezala, nahiko sektore erresilientea da, eta uste dut gai izango garela hau ere gainditzeko.
Arabako Errioxako ardoen zenbait enkargu bertan behera utzi dituzte dagoeneko.
Bai, noski, inportatzaile asko zain zeudelako. Igoera hauekin ardo asko merkatu-preziotik kanpo geratzen dira, ezin dutelako jasan, eta saltzen jarraitu dezakezu, noski, baina gutxiago edo eros ahalmen handiko bezeroentzat. Eta guri esaten diguten moduan saltzeko leku berriak bilatu behar ditugula, inportatzaileek ere ordainsari hori ordaindu behar ez duten lekuak bilatzen dituzte. Europakoak utzi, eta beharbada Argentina edo Txilera begira daude, Trumpen gobernuarekin harreman adeitsuagoa eta arantzelak hainbeste igoko ez dituen lekuren batera.
Artomaña txakolin upategiak zenbat saltzen du AEBetan?
Gure salmenten %20aren inguruan ibiliko gara urterik onenean. Iazkoa, adibidez, urte garrantzitsua izan zen, salmenta marka hautsi genuen. Hogei urte baino gehiago daramatzagu AEBetara esportatzen, eta iaz inoiz baino gehiago izan zen. Beraz, aurten ikusiko dugu. Azken momentura arte egongo gara hau nola amaituko zain, eta ea noiztik aurrera ezarriko den muga zerga, izan ere, asko gara kontainer ontziak bidean ditugunak, eta ez dakigu hemendik ateratako momentua ala hara heldutakoa kontuan izango duten arantzelerako. Antza denez, hauetan libratu gara...
Nola hasi zineten hara esportatzen?
Formula desberdinak daude, eta guk botilak merkatu amerikar osora eramaten dizkigun inportatzaile baten bitartez egiten dugu. Berak, era berean, beste banatzaile eta agente batzuk ditu herrialdean. Alde horretatik, zortea dugu, enpresa bakar batekin AEBetako geografia guztia hartzen dugulako. Gaur egun, txakolin upategi gehienek banatzen dute han, merkatu garrantzitsua baita txakolinarentzat. Gurearen moduko ezaugarriak dituzten ardo txuriek gero eta leku gehiago dute, guk urtez urte handitu ditugu salmentak. Cava eta ardo apardunen kasuan, esaterako, merkatu garrantzitsuena da, eta bigarrena izan daiteke ardo txurientzat. Upategi batzuek salmenta guztiaren %50 inguru dute han. Gure kasuan, New York, Kalifornia eta Texas dira gehien kontsumitzen dutenak.
Zer beste herrialdetara heltzen zarete gaur egun?
Beste merkatu garrantzitsu bat Japonia da. Hainbat urte daramagu han ere, eta salmenta hazkunde joera handiarekin gainera. Horretarako, esfortzu handia egin da azokak bisitatuz, bidaia bereziak eginez eta administrazioaren partetik ere laguntza emanez azken urteetan. Inportatzaileak hona etorri dira bertatik bertara ezagutzeko upategiak, eta lotura sendotu asmoz, denboraldi bateko salmenta izan ez dadin. Gero eta hobeto ezagutzen dute produktua, eta hango sommelier eta ostalariek ere hobeto defendatu dezakete txakolina. Australian eta Europan ere ongi ari gara lanean.
"Hazia jartzen duzunetik ezagutzen zaituztenera arte, urteak pasako dira"
Begiz jo duzue beste herrialderen bat aukera bila?
Bai, beti ari gara beste txoko batzuk bilatzen, baina ez da erraza, ez da egun batetik bestera emaitza ikusten. Hazia jartzen duzun momentutik ezagutzen zaituztenera arte, probak egin eta euren merkatu azterketak egiten dituzten arte, urteak pasako dira. Eta pausoa eman aurretik, oso ongi neurtu beharra dago, ez da etxe ondora bidaltzen duzun pakete bat, enkargu handiak dira. Orain badaude susperraldi ekonomikoan dauden herrialdeak, baina pentsatzen dut denok joko dugula merkatu berdinetara, eta ez dela erraza izango. Aldi berean, kontuan hartu galdu duzun merkatu bat berreskuratzea ez dela batere erraza. Zu merkatu batetik irteten zaren momentuan beste bat sartuko da. Inportatzaileek lanean jarraituko dute, eta prezio egokian antzerako ezaugarriak dituzten ardoak bilatuko dituzte, demagun Txilen, eta horiek sartuta, lau urte barru ez dira zuretzat ateak irekita egongo.
Txakolina latan saltzen lehenengoak izan zineten.
Bai, hain zuzen, inportatzaile amerikarraren eskarietako bat izan zen, ez zen gure kapritxo bat izan, zenbait merkatutan ohikoak direlako ontzi horiek, herrialde nordikoetan bag in box formatura ohituta dauden moduan. Hondartzara, landa gunera edo partidu batera eramateko latak eskatu zizkiguten, eta aproposa ikusi genuen hainbat ekoiztea, kalitateari ez diolako eragiten. Behar berrietara egokitu gara Artomañan, inportatzaile horri aterik ez ixteko.
Nolako urtea izan du Arabako txakolinak?
Ez da urte txarra izan. Egia da ez genuela uzta onena izan, ez kantitate ez kalitateari dagokionez, eguraldiak lagundu ez duelako, eta uzta txiki bat atera genuela, baina ona izan da. Eta alde komertzialetik ere ona izan da, lehen aipatu moduan zenbait marka hautsi ditugulako, eta esportazioak sendotzen ari direlako. Etxean ere, gero eta txakolin upategi gehiago gara, eta gero eta presentzia handiagoa dugu, nahiz eta leku batzuetan oraindik kostatzen zaigun. Hori da hemendik aurrera dugun erronka.
Enviroscore jasangarritasun zigilua ere jaso berri duzue.
Berehala batu ginen egitasmora, gaur egun horretan kontzientzia badugulako, bereziki lantaldeko gazteek. Ingurumen inpaktua aztertuta txakolinaren prozesu guztian, konturatu ginen hartutako neurriekin gauzak nahiko ongi egiten ari garela: uraren kontsumoa ahalik eta gehien murriztu, energiarentzako plaka fotovoltaikoak, zaborren kudeaketa egokia eginez... Momentu zail hauetan, egia esan, zigilu hori bada beste pizgarri bat.