La Casonara iritsi da 'Arde la Niebla'

Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 11:39

Endika Diaz Garciak osatutako argazki bilduman lainoa eta Urduñan izandako istripuak garrantzi handia dute. Argazkia: ENDIKA DIAZ GARCIA

Endika Diaz Garcia argazkilari amurrioarraren erakusketa martxoaren 27ra arte zabalik egongo da.

Duela 63 urte Urduñan izandako autobus istripu bat dokumentatzen duen Arde la niebla izeneko argazki erakusketa inauguratuko dute bihar Amurrioko La Casona kultura etxean, eta martxoaren 27ra arte ikusgai egongo da bertan. 

Endika Diaz Garcia argazkilari amurrioarraren proiektuak 1962ko uztailaren 24an Urduñako mendatean izandako istripu batean du abiapuntua. Egun horretan, Bilbon kontzertua eman behar zuen Konpostela Orkestra garraiatzen zuen autobusa errepidetik atera zen Urduñako mendatean, eta, handik geroztik, 'Galiziarren bihurgunea' deitzen diote. Orkestrako lau kide hil ziren ezbeharraren ondorioz. Laino trinko bat zegoen egun horretan, eta lainoak dauka ere protagonismo handia argazkietan.

"Oroimenaz, doluaz, beldurraz, espazioen energiaz eta errepideaz bizitzaren metafora gisa hitz egiten duen argazki lana" dela nabarmendu du Diaz Garciak. Gustavo Bravok zuzentzen duen Jardín Remoto eskolako ikaslea da egun, eta beste hainbat ikastaro eta tailerrekin osatu du bere argazkilaritza formakuntza. Ander Larrinaga Cuadra EHUko irakaslearekin batera egingo dute inaugurazioa, bera arduratu baita katalogoaren testuak osatzeaz.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago