Glavista enpresaren itxierarekin batera hasi zuen legegintzaldia Ainize Gastakak (EH Bildu) (Laudio, 1985), eta industria kolpe berri bat hartu du aurten Aiaraldeak, Guardian beira fabrikaren albistearekin; martxoan kaleratu nahi dituzte behargin guztiak. Kezka nagusia hori du orain udalerriak, alkateak aitortu duenez, "modu kolektiboan" bizi duten itxiera baita hau.
Atzera bueltarik gabeko erabakia izango da hau?
Hori uste dut.
Hainbat inbertsorek lantegia erosteko interesa zutela aipatu zenuten lantegia itxi behar zutela jakin eta berehala.
Harrigarria eta kezkagarria da AEBetan hartzen diren erabakiak nola eragin dezakeen gurea bezalako herri batean. Eta kasu honetan pentsatzen dugu hemendik joatearen erabakia AEBetan hartu dela, ez lantegi honetan, eta ez lantegiak izan duen jardueragatik edo labean matxura bat izateagatik. Beraiek eman beharko dituzte arrazoiak, baina deslokalizazio batez ari garela uste dut.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esan du Aiaraldea ez dela inbertsiorako erakargarria lan gatazken ondorioz.
Erantzukizuna eta ardura langileengan uztea oso larria da, eta bakoitzak bere erantzukizuna asumitu behar du. Kasu honetan, Ramirok ordezkatzen duen diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari dagokie Guardian moduko batekin negoziatzea eta jarduera ekonomikoa bermatzeko lan egitea. Ez zait zilegi iruditzen langileak zigortzea edo nolabait seinalatzea.
Berandu ibili dira Diputazioa eta Jaurlaritza kasu honetan?
Bai, izan daiteke. Berandu, hau ez delako aurreko astean hasi, jada alerta piztuta zegoelako Glavistarekin eta beste zenbait aurrekarirekin. Laudion halako industria baten galerak, eta 171 lanpostu suntsitzeak, badu testuinguru bat: desindustrializazioa eta desinbertsioak. Aiaraldea eskualderako berehalako jarduera plana ezarri zen 2022an, beheranzko joera bat zegoelako, eta aplikatu behar ziren inbertsioen %50a baino ez da bete orain arte. 2023an eskualderako plan estrategikoa onartu zuten, inbertsio estrategikoak aurreikusten zituena, eta ordutik ez da ezer egin. Beraz, guk urgentziaz eskatzen diegu Jaurlaritzari eta Aldundiari dagokiena bete dezaten, egoeraren larritasunak eskatzen duelako, bai langileenak zein eskualdearenak. Agindutako inbertsio horiek guztiak egin izan balira, agian momentu honetan beste egoera batean geundeke.
Udalak zer beste pauso eman dezake afera honetan?
Kasu honetan argi izan dugu gure jarrera proaktiboa izango zela, beti egongo ginela langileen ondoan, eta gure erabakia izan da eragile guztiekin harremanetan egotea bideak eta zubiak irekita mantentzeko helburuarekin. Eta bultzada bat ematea, jakinik gu ez garela eragile erabakitzaileak; aldiz, dugun arduragatik eta kezkagatik, zaintza eta bermea bultzatu nahi dugu.
HAPO hiri antolamendurako plana hartu zenuten erronken artean legegintzaldi hasieran. Zertan da?
Nahiz eta konplexua izan, erronka moduan hartu genuen geure buruari ere muga zorrotza ezarri behar geniolako, bereziki zaharkitua dagoen 1995eko HAPOa dugulako indarrean, horrek suposatzen duenarekin. Etorkizuneko begirada bat izan behar duen ordenamendua erabat agortuta dago. Ulertzen dugu herri begirada izan behar duen legeak kontsentsurik handiena lortu behar duela, eta horretan ardura eta erantzukizuna du gobernu taldeak, baina baita gainontzeko alderdiek ere. Gure asmoa, nahiz eta zaila izan, legegintzaldi amaieran onartzea litzateke. Orain arte, nolakoak garen eta nora joan nahi dugun aztertzeko barne ariketa bat egin dugu; 2024an ziurrenik Laudion egin den inkestarik handiena egin da, gure herriaren beharrak, gogoak eta nahiak zeintzuk diren jakiteko. Informazio horrekin guztiarekin, otsaila amaierarako gure eskuetan zirriborro bat izatea espero dugu, ostean modu parte hartzaileago batean auzoetan aurkezteko.
Etxebizitzan eragitea gakoa izango da honetan?
Gobernu taldearen kezka nagusietakoa da etxebizitzaren arazoa, horri erantzun bat eman behar dio. HAPOa horren zaharkitua dago, errealitatea eta arauak ez datozela bat. Hori guztia ordenatu eta eguneratzeko beharra dago. Etxebizitzaren kasuan, aspaldi gaude lurrik gabe, ez dago alokairurik, eta ezta etxebizitza berriak erosteko aukerarik ere. Beharra erabatekoa da, eta are gehiago gure asmoa izanik jaio eta lan egiten duzun leku horretan bizitzeko aukera eskaintzea, berriz ere hainbat urtetan gertatu dena ez gertatzeko, Laudioko jendea inguruko herrietara joan behar ez izateko.
Etxebitza huts asko dago Laudion?
Asko. 700 bat daude hutsik.
Etxe hutsei kanona ezartzeko plana aurreikusten du Azpeitiko Udalak...
Oraindik horretara ez gara heldu, baina ordenantza fiskaletan lehenengoz nolabaiteko eragina izan ditzaketen neurriak hartu ditugu hutsik dauden etxebizitza horientzat. Hutsik daudenei zergak handitu zaizkie, eta, kontrara, zaurgarritasuna babesten duten neurriak ezarri dira.
"Arretaz begiratuko dugu anbulatorioko adreiluan inbertitu denak zerbitzua hobetzeko balioko duen"
Aurrera doaz aurrekontuen negoziazioak?
Badoaz aurrera, gure asmoa laster aurkeztea da. Argi daukagu aterako dugun proposamena alderdi guztiak entzun eta gero izango dela, eta alderdi guztien ekarpenak jasoko dituela, herritarrek modu parte hartzailean proposatzen dituzten ekarpenekin batera. Gure planteamendua beti izan da guztiekin ahalegintzea akordioetara heltzen, eta espero dugu hori gauzatzea aurrekontuekin, eta baita HAPOarekin eta gauza txikiekin ere. Beraiek zer jarrera izango duten, ordea, beraiek erabakiko dute; legegintzaldiak luzeak dira, eta momentuaren arabera eta fase bakoitzean jarrera bat edo beste izan erabaki dezakete.
Nolakoa da gaur egun harremana Omniarekin, udal gobernu taldea utzi eta gero?
Legegintzaldia egia da Omniarekin batera hasi genuela, eta handik urtebetera erabaki zuela alde egitea. Beraien erabakia izan zen, baina bilatu genuen modua krisi bat eta apurketa traumatiko bat ez izateko. Adostu genuen nolakoa izango zen gure harremana egunerokoan, eta saiatu ginen bilatzen akordioetara iristeko egoerarik aproposena bien partetik. Edozein kasutan, gure helburua da alderdi guztiekin akordioak bilatzea, eta ez soilik orain gehiengoan ez gaudelako eta zenbakiek ematen ez dutelako; uste dugu garrantzitsua dela planteatzen diren dinamikek herri izaera izatea, egonkortasuna emanez eta norabide jakin batean.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu herritarren parte hartzea.
Hasieratik hartu genuen erronka handi bat bezala gure jarduera nolabait parte hartze horrek zeharkatzea, herritarrek gaitasuna izatea legitimatuak diren espazio eta foroetan parte hartzeko, eta beraien hitza jasotzea. Araudi berria onartu zen aurreko legegintzaldian, eta gu hori guztia aplikatzen hasi gara, sistema berri oso bat sortzen. Jatorriz Laudion ohitura handia egon da horretarako, 76an ospatu zen lehenengo auzo asanblada. Eta auzo asanblada horiek oinarri izanda, auzo kontseiluak sortu ditugu, asanblada urtean behin egitetik urte osoan zehar parte hartzeari bide emango diotenak. Era berean, kontseilu sektorialak sortu ditugu; kultura eta emakume anitzen kontseiluak ditugu, eta aurten nagusien kontseilua eta kirolarena ere antolatuko ditugu, herri begirada izango duen beste entitate batez gainera. Parte hartzea legitimatu eta instituzionalizatzeko sarea bat da, azken batean.
Inbertsio handien artean, Laudioko antzokia aurreikusten duzue. 2026rako izango da abian?
Hori da gaur egun mahai gainean ditugun epeekin egiten dugun aurreikuspena. Gero, halako obra handiak konplexuak dira, eta jakin badakigu edozein momentutan atzerapen bat gerta daitekeela. Baina data hori da.
Erabilera anitzeko espazioa izango da hori?
Une honetan zehazten ari gara udaletik eta Kultura kontseilutik zein izango den antzoki horren kudeaketa metodologia. Baina, egia da, aurreikuspena dela antzerkia, zinema eta bestelako edozein ekitaldi egiteko espazioa izatea, bestelako formatu batzuekin batera, kontzertuak tartean.
Lamuza ere laster izango da prest, ezta?
Diputazioak obra martxoan amaituko du, hau da esaten digutena. Giltzak emango dizkigute, eta ondoren guri dagokigu barrura sartu eta hornidura guztia lantzen hastea. Momentuz irekiera datarik ez dauka, baina espero dezagun ahalik eta lasterren erabilgarri egotea. Bertan gure herriko kultur eragile asko zeuden, euskaltegia eta gaztetxea barne, eta gure asmoa da orain arte egon direnak hara bueltatzea, ez bada beste leku egokiago bat topatu dutela. Erronka izango da guztien artean orain espazio berritu hori nola berriz abian jartzen dugun.
"Gure helburua da alderdi guztiekin akordioak bilatzea; herri izaera behar dute dinamikek"
Noizko izango da Abastos plaza berria?
Maiatzerako dago aurreikusita obraren amaiera data, eta ondoren hori hornitu beharko dugu. Momentu honetan hiru dendari ditugu beste leku batean, eta tarte bat beharko dute bertara bueltatzeko, taberna martxan jartzearekin batera. Bereziki zaharkitua zegoen espazio bat zen, eta eraberritzea uste dut positiboa izango dela lehenengo sektorea eta gertuko ekoizleei bultzada bat emateko. Espazio txukun eta kalitatezko bat nahi dugu.
Etengabeko arreta gunean gabeziak salatu dituzue. Hobera egin du egoerak?
Osasun arloan bi lan lerro izan ditugu mahai gainean. Alde batetik, anbulatorio berria eraikitzen hasi zen. Aurreko legegintzaldian erabaki zen kokapena, eztabaida nahikoa piztu duena mugikortasun eta irisgarritasun eragozpenengatik, eta legegintzaldia hasi zenetik lanean gaude horiei erantzun bat eman ahal izateko, eta martxan denean bide emateko horri guztiari. Gure zalantza guztiekin, aurrera egin behar dugu horrekin, eta horri erantzun, zailtasunak izaten ari garen arren. Alde batetik hara heltzeko, oinezkoen kasuan eskailerak libratu behar dituzte eta igogailu bat eraiki beharko dugu. Antzokiaren obrarekin batera igogailu bat eraikiko da. Eta, bestetik, auzo horretan dagoeneko aparkatzeko zailtasunak daudenez, nolabait zerbitzua emango dion eta anbulatorioari ere zerbitzua emango dion aparkaleku bat eraiki nahi dugu. Kasu honetan arazo handiak izaten ari gara baimenekin. Hori eraikinari dagokionez, eta, beste alde batetik, zerbitzua da gure kezka. Oso handia da eraikina, baina zer izango du barruan? Uste dugu orain arte izan ditugun zerbitzuak espazio berean zentralizatuko dituztela eta espazio gehiago izango dutela, baina arretaz begiratu beharko diogu adreiluan inbertitu den diru horrek zerbitzua hobetzeko balioko duen. Duela urtebete, hain zuzen, urgentzietan gure auzokide bat hil zen medikurik gabe. Horrek kezka eta larritasuna eragin zuen herrian, eta uste dugu berebiziko garrantzia duela zerbitzua bermatzea.
Oraindik ez dago bermerik, beraz?
Behin baino gehiagotan gertatu zaigu 24 orduko arreta hori, printzipioz bermatuta dagoena, zerbitzu medikurik gabe gelditzea. Oraindik ere. Bereziki opor egunetan. Beraz, ikusteko dago zer gertatuko den.