Greba bertan behera utzi du langileen batzordeak Guardianen

Erredakzioa 2025ko urt. 29a, 16:56

Goizetik izan dira langileak Guardianen atean. Argazkia: @LABaiara

Langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzaren partetik "abandonatuta" eta "engainatuta" sentitzen direla; eta enpresa batzordeak esan du "bakarrik" utzi dituztela.

Laudioko Guardian enpresako labearen itzaltzea burutu dute azkenean. Multinazionalak bere hasierako planari eutsi dio, eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumeneko teknikarien eta Osalanen onespenarekin, gaur eguerdi aldera labea itzaltzen hasi da, barruan dagoen beira atera gabe.

Hartara, enpresa batzordeak bertan behera utzi du ostegun honetarako aurreikusita zegoen greba mugagabea; izan ere, bere helburua labea piztuta mantentzea zen, plantaren jardueraren jarraitutasuna bermatzeko. Hala ere, mobilizazio gehiago iragarri ditu 171 enplegu suntsitu direla eta Laudion eta eskualdean itxiera horrek dakarren "zentzugabekeria” salatzeko. Ostiral honetan bertan SOS Aiaraldearekin batera mobilizazioa egingo da, arratsaldeko 18:00etan.

Langileek ohar batean salatu dute Eusko Jaurlaritzaren partetik "abandonatuta" eta "engainatuta" sentitzen direla, eta enpresa batzordeak kritikatu du multinazionalaren jardueraren eta 171 lanpostuen defentsan "bakarrik" egon dela. Batzordeak gaitzetsi du astebeteko epean Guardianek Laudion 90 urtetik gorako instalazioak ixtea iragarri eta gauzatu izana. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago