Berrehundik gora lagun bildu dira goizeko 4:00etatik Laudioko Guardian enpresaren atean, labea itzaltzeko agindua oztopatzeko asmoarekin. Enpresa batzordeak deitu duen protestan parte hartzen ari dira beira fabrikako langileak ez ezik Aiara eskualdeko beste enpresa batzuetako langileak ere. Ertzaintzak dispositibo handia ezarri du inguruan.
Labea gelditzeko asmoarekin ELA sindikatuak EAEko Auzitegi Nagusiari eskatutako kautelazko neurriak bertan behera utzi ondoren, Guardian Glasseko zuzendaritzak labea itzaltzeko aginduarekin aurrera jarraitu du. Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, itzaltzea 08:00etan hastea erabaki du.
Bertsio kontrajarriak
Enpresa batzordeak salatu duenez, labea itzaltzeko baldintzak ez ditu bete enpresak; izan ere, atzo Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin adostu ei zuen haren teknikarien eta Osalaneko ikuskatzaileen zaintzapean itzaliko zutela labea, eta langile batzordeak jakinarazi du oraintxe plantan ez dagoela Jaurlaritzaren ordezkaririk. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak baieztatu du Industria saileko eta Osalaneko teknikariak faktoria barruan daudela.
Langileek aipatu dutenez, Guardianek kanpoko langileak bidali ditu labea itzaltzeko; eta salatu dute Eusko Jaurlaritzak atzo lortutako akordioak ez duela inolako bermerik ematen. Azaldu dute Eusko Jaurlaritza ez dela eurekin bildu Guardianekin atzo azken orduan erdietsitako akordioa kontrastatzeko, "langileak direnean protagonista nagusiak auzi honetan".