Guardianeko labearen itzaltzea gelditzeko eskaera atzera bota du auzitegiak

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 16:13

Laudioko Guardianeko langileen protesta bat. Argazkia: A.G.

Labearen jarduera mantentzearen "arriskuez" ohartarazi du enpresaren zuzendaritzak, eta bihar hasiko du itzaltzeko prozesua.

ELA sindikatuak eskatutako "kautelazko neurriak" atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak, eta bide eman dio Guardian enpresako zuzendaritzak asteazken honetan, urtarrilaren 29an, labeak ixteko hartu duen erabakiari. Behin labea itzalita, AEBko multinazionalak sei hilabeteko epean du aurreikusita enpresa ixtea, bertan lan egiten duten 171 beharginak kaleratuta. 

Guardianek argudiatu duenez, labea egoera txarrean dago eta premiazkoa da hozte prozesua martxan jartzea. Labearen "goiko hormaren zati bat erori" egin dela esan du enpresak, eta eskuinekoak "arrakala handiak" dituela jakinarazi du. Jarduerarekin jarraitzeak langileak arriskuan jarriko lituzkeela esan du multinazionalak.

Halaber, ohartarazi du labea berehala gelditzea oztopatuko lukeen edozein ekinbidek  "langileen segurtasuna arriskuan" jarriko duela eta "onartu ezin diren kalteak" eragingo dituela Laudioko plantan.

Mobilizazioak

Bihar, 07:00etatik 10:00etara, Guardianeko langileak lantegiaren sarreran elkartuko dira, itzaltzea oztopatzeko asmoz. Halaber, itxieraren eta kaleratzeen aurka greba mugagabea iragarri du Guardianeko enpresa batzordeak (ELA eta LAB sindikatuek osatuta), urtarrilaren 30etik aurrera. Urtarrilaren 31n, bestalde, eskualde mailako mobilizazioa iragarri dute, 18:00etatik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago