Guardian enpresak atzo iragarri zien langileen ordezkariei otsailaren 3an itzali asmo duela float labea. Hilabetez luzatuko omen da itzaltze prozesua, eta laberik gabe ezingo da beira gehiago ekoiztu Laudioko enpresan. Sindikatuetatik gaitzetsi dute labea hustu gabe jarri nahi dutela zerbitzuz kanpo, eta horrek zaildu egingo duela beste edozeinek jarduera berrartzeko aukera. Bestalde, uste dute labea itzaltzeak azkartu egingo duela lantegia itxi eta langileak kaleratzeko prozesua.
Otsailean zehar egingo dute instalazio osoa gelditzeko prozesua, eta martxoan negoziatuko lituzkete langileen kaleratzeak. Sindikatuek salatu dute enpresak uko egin diola bestelako alternatibak aztertzeari, eta eskatu dute labea itzali aurretik negoziatzea enplegu erregulaziorako espedientea. Enpresak, baina, ez du horretarako borondaterik erakutsi, eta itxierarekin aurrera jarraituko duela adierazi du.
Sindikatuek mobilizazioak iragarriko dituzte datozen orduetan, enpresaren erabakiaren aurka egiteko. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, adierazi du bere ustez "sektorearen barruan" etorkizuna izan dezakeela Guardian lantegiak.
Labea itzaltzeak garrantzi handia du lantegiaren bideragarritasunean. Izan ere, enpresak bere asmoekin aurrera egin eta labea itzaliko balu barruko eztainua eta beira atera gabe, asko zailduko luke berriz abian jartzea. Egin daiteke, eta labea erabilgarri egon liteke aurrerago ere, baina berriz martxan jartzeak kostu ekonomiko handia izango luke, eta inbertsoreak uxatzeko arrazoia izan daitekeela ohartarazi dute sindikatuek.
Labearen karga pareta batean atzemandako akats batekin argudiatu du enpresak lantegia sei hilabetean ixteko erabakia, "kalte kritikoa" duela esanez. LAB sindikatuak adierazi du labea hoztea "aukera guztietan txarrena" dela, labea suntsituko duela esanez.