Aldundia "minduta" agertu da Guardian enpresaren itxiera dela eta

Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 14:40

Guardian enpresako langileen protesta. Argazkia: AIARALDEA

Eusko Jaurlaritzak Guardian lantegiarentzat "sektorearen barruan etorkizun bat egon daitekeela" uste du.

Arabako Foru Aldundiak prentsa ohar bidez adierazi du "minduta" dagoela Guardian Glassek Laudion duen fabrikaren iragarpenaren aurrean. "Arabako eta Euskadiko erakundeek etengabe eskaini diote lankidetza enpresari azken urteotan, Aiarako lantegiaren etorkizuna bermatzeko asmoz", gogoratu du foru erakundeak.

Aldundiak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan arituko dela "enpresa proiektuari jarraipena emateko; gatazkari irtenbidea emateko enpresa proiektu sendo eta etorkizuneko berri bat oinarri hartuta".

Atzo izaniko bilera batean iragarri zien Guardian multinazionalak langileen ordezkariei Laudioko lantegian duen labea itxi eta langile guztiak kaleratuko dituela. Jakinarazpena legeak ezartzen duen hilabete batzuk lehenago egin da; beraz, erabateko itxiera uda betean iritsiko litzateke. Orain, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen (EEE) xehetasunak jakiteko zain daude langileen ordezkariak.

"Lan karga txikia"

Muturreko neurri hori justifikatzeko, enpresak adierazi dituen arrazoiak dira, batetik, lan karga txikia dutela; eta bestetik,  float labearen bizitza baliagarria agortu ondoren, hura berritzeko kendu egin beharko litzatekeela eta eraberritu, baina enpresaren ustez jada ez da errentagarria.

100 urte baino gehiago ditu Guardian enpresak, eta 1.000 langile baino gehiago izatera iritsi da, baina etengabe plantilla murrizten joan da. Glavistaren salmentarekin, 434 langile izatetik 225 izatera igaro zen 2020an. Ordutik, Guardianen jarduera gainbehera joan da, eta orain 171 langile ditu.

Etorkizuna dagoela dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Laudioko Guardian lantegiarentzat "sektorearen barruan etorkizun bat egon daitekeela" uste du; eta adierazi du enpresarekin "elkarrizketak areagotuko" dituela, "konponbideren bat, inbertsio berriak beharko lituzkeen etorkizuneko industri -proiektu bat" aurki daitekeen ikusteko, eta "labea aldatzeak dakarren arazoari teknikoki begiratzeko".

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi duenez, Gabonak baino lehen enpresarekin izandako elkarrizketetan ez zieten Laudioko itxierari buruzko inolako aipamenik egin. Sailburuak zehaztu duenez, enpresak astearte honetan jakinarazi die "labean matxura bat" izan dela eta ez dutela "matxura hori konpontzeko modurik" eta, beraz, "enpresa behin betiko ixtea erabaki dute".

Jauregik adierazi du erabaki hori "inori gustatzen ez zaion ezustekoa" dela. Ildo horretan, Jaurlaritza Guardianekin harremanetan dagoela berretsi du, eta, esan duenez, "batez ere langileengan, haien familiengan eta Araialdea osoan pentsatu nahi dugu", enpresaren inguruneak "sufritu egingo baitu itxiera honekin".

ELA: "Ez dira sinesgarriak"

ELAk salatu du Laudioko Guardianen zuzendaritzak ezusteko bilera batean jakinarazi diola Enpresa Batzordeari lantegia ekainean ixteko asmoa, eta, horrenbestez, 171 langileen kontratuak eteteko asmoa.  Hala, Guardianek iragarri du datozen asteetan labea geldiaraziko duela, berritzeko inbertsiorik ez egitea erabaki baitu.

ELArentzat "sinesgarriak ez diren arrazoi ekonomiko eta teknikoak" argudiatu ondoren, 2020an lantegia zatituz hasitako zirkulua itxi du. Multinazionalak "lurraldean industria eta enplegua suntsitzen jarraitzen duela" kritikatu du ELAk. Guardianek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ELAk azpimarratu du ahal dituen bide guztiak hartuko dituela enplegua bermatzeko. Era berean, sindikatuak dei egiten die erakundeei, eta zehazki Eusko Jaurlaritzari, desindustrializazioa eta lantegiaren itxiera saihesteko neurriak har ditzan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago