Artziniegako Museo Etnografikoak antzinako ogibide tradizionalak antzeztu ditu iragan asteburuan. Ambostres antzerki taldearen eskutik biziberritu dituzte museoko hainbat espazio: espartinak egiteko tailerra, taberna eta janari-denda, eta jostunaren tailerra, besteak beste. 40. urtemugaren ospakizunekin batera, gainera, azaroan beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte museoko arduradunek. Azaroaren 16an, Bleibet abesbatzaren kontzertua izango dute, 20:00etatik aurrera; azaroaren 22an eta 23an, txarribodaren inguruko hitzaldia eta antzezpena egingo dituzte. Hilabetea amaitzeko, azaroaren 30ean, Artziniegan puntuzko generoak egiten aitzindaria izan zen Hozffer Ana lantegiaren inguruko mahai ingurua eta erakusketaren aurkezpena egingo dute.