Zaintza Araba elkarteak gogor arbuiatu ditu asteon Gizarte Ongizateko foru diputatu Gorka Urtaranek eta ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek Laudioko San Roque erresidentziaren egoeraren inguruan esandakoak. "Arabarren egoitzaren eta Laudioko San Roqueren kudeaketaren inguruan egin ditugun salaketen erantzukizuna ahaldun nagusiarena eta Gizarte Politiketako diputatuarena da soilik", esan dute.
Foru Gobernuaren ondorengo prentsaurrekoan hitz egin du Ramiro Gonzalezek, asteartean, eta San Roque nagusien egoitzako beharginen "profesionaltasuna eta gizatasuna" defendatu du. Izan ere, bere aburuz, Zaintza Elkarteak "langileen profesionaltasuna eta gizatasuna bera ere kolokan jarri ditu". Gainera, ahaldun nagusiak azpimarratu du foru azpiegiturako langileak une oso txarrak pasatzen ari direla, eta batzuk beldur direla.
Zaintza Arabak, ordea, hedabideei bidalitako ohar batean langileen lana goraipatu du. "Zaintza Arabak bi egoitzetako langileen lan goresgarria aitortzen du, baita gainerako egoitzena ere. Are gehiago, txalotu egiten dugu hain funtsezkoa den zerbitzu bat emateko egiten duten ahalegina, beren lana ia ezinezko egiten duten baldintzetan, plantilla eskasekin eta gehienetan soldata miserableekin", esan dute.
Ildo horretan, aldundiaren arduradun politikoen asmoak salatu dituzte: "Senideak eta langileak aurrez aurre jartzeko ahalegin tamalgarri horren aurrean, argi utzi nahi dugu beti aurkituko gaituztela emakume langileen ondoan, zaintzak hain eraginkortasunik gabe kudeatzen ari direnei aurre egiteko".