Araian egun EAJko zinegotzi den Iñigo Pinedo Vadillo izango da hemendik aurrera Aiarako Kuadrillako presidentea. Atzo egindako batzarrean egin dute aukeraketa, aurreko presidente Encina Castresanak "arrazoi pertsonalak" argudiatuta kargua utzi eta egun batzuetara. Castresanak ALEAri azaldu dio dimisioa eman izanaren arrazoia izan dela haren "buruari eta familiari denbora gehiago eskaini ahal izatea". Halere, aurreratu du kuadrillan bertan zein Batzar Nagusietan batzarkide izaten jarraituko duela.
Pinedok bere alderdiaren hamahiru botoak eta PSEren beste bi eskuratu ditu, hautatua izateko gehiengoa lortuta. "Ohoretzat" jo du Pinedok "lurraldearen bizi kalitatea hobetzeko lan egiteko aukera izatea". Besteak beste, kuadrillak dituen erronka nagusiei aurre egin beharko die. Kargua hartu zuenean Castresanak aurreratu zituen horietako batzuk: kuadrillaren egoitza berria atontzea eta zabor bilketarako zerbitzu berria kontratatzea.